Euskal festa 2019ra arte agur

Guaixe 2017ko urr. 23a, 13:33

Hirugarren urtez ospatu zen Euskal Festa. Uharten Guk Gureak elkarteak antolatu zuen larunbateko ospakizuna. Bi urtean behin ospatzen den festan aurtengoan euskal kulturaren alde, euskal ikurren alde eta euskararen alde lanean ari direnak omendu zituzten. Elkarteko kide Gaizka Uhartek omenaldian hitza hartu zuen eta Joseba Sarrionaindiaren olerki batean oinarrituta adierazi zuen baietz, “imajinatzen dugu etorkizuneko portua”. Bide horretarako “txalupa herritarrez eta aberastu dezagun inguruan dugun kultura aniztasunaz” betetzera deitu zuen. Eta dei egin zuen: “guztion artean jarrai dezagun gure herrian euskal kultura eta nortasuna eraikitzen. Herriko dantza taldean, herriko konpartsan, aizkoran edota herrigintzan”. Uhartek esan zuenez, “konbentzituta gaude gai izanen garela etorkizuneko portu hori guztion artean marraztu eta erabakitzeko”.

Dianak, kalejira animosoaren eta omenaldiaren ondoren, dantzaldiak eta Gorrititarren arteko aizkora apustuak jendea plazara erakarri zuen. Han egin zen herri bazkarian 111 pertsona elkartu ziren. Haurrendako pailazo emanaldiaren ondoren musikarendako txanda izan zen, gauerdira arte.