Beriainerako bidea seinaleztatuta eta homologatua

Guaixe 2017ko urr. 27a, 10:01
Km Bertikala probako parte-hartzaile bat.

Lehendik ezaguna zen eta Km Bertikala probak ezagunagoa egin duen Beriainerako bidea udalak ibilbide labur gisa prestatu du.

Uharte Arakildik Beriain gaineko ermitarainoko bidea ibilbide labur moduan seinaleztatu eta homologatu du udalak. Mendizale asko erakartzen zituen lehendik ibilbideak eta, orain, Km Bertikalaren mendi-lasterketaren bederatzi edizioren ondoren, korrikalari gehiago dira Uharte Arakilera joaten direnak, proban parte hartzera, edo beste edozein egunetan hura eta beste batzuk prestatzeko.

Horregatik guztiagatik, Uharte Arakilgo Udalak bidea egoki seinaleztatzea eta homologatzea erabaki zuen, beste turismo baliabide bat izateko. Itxesiko aparkalekutik abiatzen den ibilbide zirkularrak 9,5 km-ko luzera du, 996 metroko desnibela duena. Ibilbidea osatzeko 5 ordu eta 40 minutu behar direla aurreikusten dira.

Uharte Arakilgo Udalak egiteko horretara 10.600 euro bideratu ditu. Baina % 70eko diru-laguntza izan du, Europako Feader funtsaren eta Nafarroako Gobernuaren Landa Garapenerako Programaren bidez. Europako funts horren helburua da landa eremuan inbertitzea, kasu honetan natura eta ondare balioei garrantzia emateko.


Lau bide aurretik
Arakilgo Udalak turismoa sustatzeko asmoz lau ibilbide prestatu eta seinaleztatu zituen 2002 urtean. Haietako bat Beriain gaineko ermitara eramaten zuena zen. Gainontzeko hiruak honakoak izan ziren: Aralarko santutegira eramaten zuen antzinako bidea, meategiaren ibilbidea eta Errolanen harrira eramaten zuen ibilbidea.