Iberon fusilatutako Martirenari azken agurra

Guaixe 2017ko aza. 3a, 08:12

Joan den urtean, erailketen urteurrenean, eskultura mustu zen Uharten.

81 urteren ondoren Uharte Arakilgo hilerrian ehortziko dute gazte errepublika zalearen hezurrak.

Victor Martirena Alegriari uhartearrek azken agurra larunbatean emanen diote. Egitarau xumea prestatu dute. 11:30ean haren gorpuzkinari harrera eginen diote joan den urtean mustutako memoria  oroigarriaren ondoan, Seme-alaben plazan. Harrera egin eta gero uhartearren segizioa hilerrira joanen da eta han ehortziko dute. Uharte Arakilgo Udalak eta 1936-2016 Uharte Arakil, 80 urte memoria galtzen taldeak antolatu dute azken agurra Martirena zena.

Victor Martirena Alegria 1914an jaio zen eta Patriciaren eta Joseren semea zen. Joxe hojalateroaren semea zen eta familiari Hojalateroana hots egiten zioten. Nekazaria, UGTko kidea zen. 22 urte zituela atxilotu eta Iruñean espetxeratu zuten. Iberon erailtzeko atera zuten espetxetik, 1936ko lastailaren 28an. Pasa den larunbatean 81 urte bete ziren, beraz.

Indusketa
Aranzadi zientzia elkarteko kideek Iberoko Zurbao parajean indusketa egin zuten 2015eko abenduan. 1936ko estatu kolpearen ondoren fusilatutako 25 pertsonaren hezurduren bila hasi ziren lanean. Haien artean hiru uhartear izanen zirela pentsa zen. Aranzadikoen lanak zazpi hezurdura azalarazi zituen. Tartean Victor Martirena Alegria uhartearrarena. Ustez han zeuden Silverio Astiz Ezkurdia eta Silverio Astiz Lakuntza aita-seme uhartearren gorpuak ez zituzten identifikatu.