Gobernuak haur eskolako diru-laguntza aurreratu du

Guaixe 2017ko abe. 13a, 15:23

Nafarroako Gobernuak gaurko bileran erabaki du 429.977,22 euroko ordainketa egitea 12 udali. Ikasturte honetako haur eskoletako Haur Hezkuntzako lehen zikloko kudeaketagatik emanen ditu diru-laguntzak foru administrazioak. Hori horrela izateko Hezkuntza Departamentuak eta udalek dagokion hitzarmena sinatu beharko dute. Horien artean dago Uharte Arakilgoa, 33.077 euro jasoko dituena. Gainontzeko udalen moduan diru-laguntza osoaren % 80 da kopuru hori. Gainontzeko % 20 ilbeltzean edo otsailean jasoko dute.

Orain arte haur eskolak zituzten udalek diru-laguntza apirilean edo maiatzean jasotzen zuten. Horrek udalek haur eskolen finantzaziorako dirua aurreratzea behartzen zuen. Gobernuak egindako aldaketarekin Hezkuntza eta Toki Administrazio Departamentuek Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin hartutako konpromisoa betetzea dakar. Ordainketa unitate bat edo bi unitate dituzten haur eskolekin hasi dira, “haur eskolak mantentzeko egiten dute ahalegina handiagoa delako”.