Luis Luziano Bonaparte printzea (Napoleonen iloba) hizkuntzalaria zen, dialektologian espezializatutakoa. Hainbat hizkuntza ikertu zituen Bonapartek, tartean euskara eta euskalkiak. Berea da euskalkien aurreneko mapa eta beste 32 obra. Nafarroan 1857an, 1866an eta 1867an egon zen. Nafarroan barna ibili zen hartan Sakanatik ere pasa zen.
Hura hil ondoren, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako aldundiek haren eskuizkribuak erosi zituzten, eta haien artean banatu, lanaren jatorriaren arabera. Landa-lana egiteko Bonapartek garaiko pertsona ezagunekin eta herrietako apaizekin jarri zen harremanetan. Azken horietako askok, obra erlijiosoak euren herriko euskalkian idatzi eta gero Bonaparteri bidaltzen zizkioten. Horietako bat da Uharte Arakilgo kristau-ikasbidea edo dotrina; 42 orriko dokumentua.
Nafarroako Gobernuak Bonaparte hizkuntzalariak XIX. mendearen erdialdean euskarari nahiz euskalkiei buruz bildu zituen eskuizkribuen bilduma www.archivoabierto.navarra.es webgunean jarri ditu kontsultatzeko; 134 eskuizkribu dira guztira eta bakarra da Sakanakoa, Uharte Arakilgoa.