Astelehenetik asteazkenera Uharte Arakilgo haur txokora eraman dituzte txikiek euren jostailuak. Egoera onean zeuden jolasak han utzi eta trukean txartel bat jaso dute. Bihar, 11:00etatik 13:00etara, Uharteko plazatik pasako dira eta han erakusketan jarritako jostailu guztien artean bat aukeratu eta txartelaren truke etxera eraman ahal izanen dute. Euria egiten badu frontoian izanen da. Jostailuak soberan geldituko balira Sahararen aldeko ANARASD erakundeari emanen zaizkio.
Baina trukeaz aparte, txikiek plazan joko kooperatiboetan aritzeko aukera izanen dute. Henna tailerra ere izanen da eta eskulan tailerrean orri markatzaileak egiteko aukera izanen da. Guztia behar bezala antolatzeko lana Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Uharte Arakilgo eskolako guraso elkartea, Irañetako eta Uharte Arakilgo gurasoak eta Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua ari dira, Uharte Arakilgo Udalaren laguntzaz.