Eguraldiak laguntzen ez zuenez, Larrebieta frontoiak eman zion aterpe larunbat eguerdian Uharte Arakilen antolatutako jostailu trukaketari. Herriko eta inguruetako haurrek bat egin zuten deialdiarekin. 50 bat izan ziren gerturatu zirenak eta haietatik 45 izan ziren jostailuen trukaketan parte hartu zutenak. Aurreko astean zehar eskolara eramandako jostailu bakoitzaren truke txartel bat jaso zuten eta hura beste jostailu bategatik trukatzeko aukera izan zuten larunbatean.
Baina horrekin batera kooperazio jolasetan aritzeko, orri markatzaileak egiteko edo henna tailerrean parte hartzeko aukera izan zuten haurrek. Eguerdi parte ederraz gozatu zuten. Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Uharte Arakilgo eskolako guraso elkarteak, Irañetako eta Uharte Arakilgo gurasoek eta Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak antolatu zuten larunbateko saioa. Aho zapore ona utzi zien eta heldu den urtean errepikatzeko asmoa azaldu dute.