Galiziako gastronomiarekin hitzordua

Guaixe 2018ko mai. 25a, 11:58

Uharte Arakilgo plaza, atzera ere, jangela eta sukalde bihurtuko da. Oraingoan Galiziako sukaldaritzaz gozatzeko aukera izanen da jangelan. Izan ere, laugarren urtez Lugoko Baralla pulpeiroa etorriko da, erkidego hartako eta oro har gastronomiaren zaleen gozamenerako. Makina bat mahai eta aulkiz beteko da plaza eta sukaldarien plantxetatik, parriletatik eta eltzeetatik olagarroa, lakona, Padrongo piperrak, ganba handiak eta txikiak, zanburinak, txurraskoa, kriolloa, txorizoa eta beste aterako dira mahaietara. Jatekoa bulkatzeko Ribeiro eta Albariño ardo txuriak eskainiko dituzte.

Galiziar erara prestatutako itsaski, haragi eta olagarroa dastatu nahi dutenek gaur, 20:00etatik aurrera dute aukera. Bihar eta etzi 12:00etatik aurrera izanen da zabalik, egun osoan. Larunbatean, gainera, Uharte Arakilgo erraldoien eta buruhandien konpartsa berriro kalean izanen da.