Aurrekontuetako inbertsioak udaletxean eginen dira

Guaixe 2018ko eka. 1a, 08:56

Uharte Arakilgo udaletxea

Bigarren solairua egokitu eta igogailua martxan jartzeko lanak eginen dituzte.

Uharte Arakilgo Udalak aurten 1.026.923,94 euroko gastuak jaso ditu aurrekontuan. Sarrerak, berriz, 10.472,43 euro handiagoak izatea aurreikusi dute udalean. Inbertsioei dagokienez, Juana Sainz Betelu alkateak azaldu digunez, bi inbertsio nagusiak udaletxean eginen dira. “2005ean udaletxea berritu zen, eta orain bigarren solairua egokitu dugu, han liburutegia edo erabilera anitzeko aretoa jartzeko”. Horrekin batera, ganboikoan udalaren artxiboaren zati bat hartzeko gela bat prestatuko dute ere. Udal bulegoetan artxiboaren beste zatirako beste espazio bat egokituta dute.

Lan horiek 84.000 euroko aurrekontua dute. Udalak 34.000 bideratuko ditu lan horietara eta, gainontzekoa, Cederna-Garalurren bidez lortutako Europako Landa-Garapenerako Programaren diru-laguntzaren bidez pagatuko du. Udaletxean eginen den bigarren lana igogailua martxan jartzea izanen da. Lan batzuk eginak daude baina erabilgarri jartzeko 20.000 euroko inbertsioa eginen du udalak aurten. Nafarroako Gobernuak emandako erabilera askeko 54.678,13 euroetatik aterako da diru hori. Baita zuntz optikoa jartzeko lanendako dirua ere. Zuntz optikoa udazkenerako herrian jarrita egotea espero du alkateak. Sainzek, bestetik, jakinarazi digu udalak bi sorosle kontratatuko dituela igerilekuetarako. Itsesiko igerileku sasoia garagartzaroaren 8an hasi eta irailaren 8an despedituko da.

Diru-laguntzen zain
Aurreko hiru urteetan Uharte Arakilgo Udalak lan handiak egin ditu eskolan. Joan den urtean jangela izan zen eta patioa eta gela banaketa bat besteetan. Aurten udalak Hezkuntza Departamentuari diru-laguntza eskatu dio eta jasoz gero lan txikiago bat eginen dute. Alde batetik, zuzendariarendako gela prestatuko litzateke eta, bestetik, garbiketako tresnendako beste gela bat eginen luke.

Nafarroako Gobernuari hiru baso lan egiteko laguntza eskaera egin dio udalak. Alde batetik, Aralar Elkartearen eta udalerriko mugako itxitura elkarrekin berritu nahi dute. Bestetik, Lakuntzako mugako itxitura berrituko du Uharte Arakilgo Udalak. Eta, azkenik, azienda bildu eta kamioietan sartzeko itxitura eginen luke Aralarren, santutegitik guardetxerako bidearen ondoan, La parrillan.