Hirigintza plana berritzeko lehen pausoak ematen hasiak

Guaixe 2018ko eka. 8a, 11:38
Uharte Arakilgo ikuspegia industrialdetik.

Uharte Arakilgo Udalak 1991ko dokumentua eguneratzeko lehen bilerak egin eta inkesta zabaldu du.

Herriaren hirigintza plangintza arautzen duen agiria 1991koa da, eta gaur egungo beharretara egokitu beharra dagoela iritzita Uharte Arakilgo Udalak gaiari heldu dio. Alde batetik, www.uhartearakil.eus web orriko dokumentuak atalean hirigintza planaren inguruko informazio  guztia jarri du.

Horrekin batera, Uharte Arakilgo Udalak parte-hartze plana jarri du martxan. Juana Sainz Betelu alkateak jakinarazi digunez, planaren erredakzioaz arduratzen den taldea lanean ari da, eta dagoeneko hiru auzoetako uhartearrekin bilerak egin dituzte, haien iritziak jasotzeko. Aldi berean, uhartearren iritziak, ideiak, datuak eta iradokizunak jasotzeko asmoz inkesta zabaldu zuten, herritarrek sinatu gabe osatu zezaketena. Genero ikuspegia ere zaindu zuten. Hilabete egon zen inkesta erantzuteko eta oso erantzun gutxi jaso dira.

Hala inkestan eskatzen zen, besteak beste: Uharteko hirigintza arazo nagusia zehaztea, aurki etxerik  erosteko asmorik ote zuten, nolako etxebizitza litzatekeen, herriko zein ingurutan, eraikin dotazionalen eta eremu libreen inguruko iritzia eskatzen zen, industria edo biltegi jardunik sustatzeko asmorik duten, Uharteko zein paisaia den interesgarri, halakoren bat berreskuratu beharra ote dagoen eta mugikortasunaren ingurukoak.

Oinarria
Hirigintza plana berritzeko udalak 2015ean egindako parte-hartze prozesuan jasotako oinarriak  izan dira abiapuntua: Itxesi eta Zerradoa auzoak hirigunearekin gaizki lotuak eta espaloirik gabe daude eta autobiaren sarrera-irteera leku arriskutsua da; herriaren nortasuna mantenduko duen neurrizko hazkundea (Larrubita eta Zerradoa eta hirigunea lotzen duten ingurunean dentsitate ertaina erabiltzea); hutsik edo gaizki dauden etxebizitzak birgaitzea; dauden industria guneak finkatu eta historia-, arkitektura- eta natur-ondarea bultzatzea.

Horiek guztiak kontuan izanik, planaren erredakzio taldeak etxebizitzak egiteko hiru gune zehaztu ditu, baina zehaztu du bakoitzaren egokitasuna eta bideragarritasuna aztertu beharko dela: Larrubita (frontoiaren atzeko aldetik ibaira), Ospitalalde (Itsesiatik autobiara ateratzen den kalearen hegoaldean), Errekabitarte (Itsesia auzoko familia bakarren eta Itsasiko erreka arteko eremua) eta Zerradorako-Berralde bidean dauden lantegiak. Planoak udaletxean eta web orrian daude ikusgai.

Alkateak azaldu digunez, euren asmoa litzateke lana irailerako despeditzea. Lurralde Antolaketaren Estrategia Eredua jasotzen duen dokumentua Nafarroako Gobernuari aurkeztu aurretik Uharte Arakilgo Udalak batzarra deitzeko asmoa du.