Aurten Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala lasterketaren 10. edizioa jokatuko da. Irailaren 23an izanen da, baina bertan parte hartu nahi dutenek dagoeneko izena eman dezakete www.uhartearakil-beriain.com web gunean sartuz eta bertatik www.kirolprobak.com web orrira joaz edo, besterik gabe, zuzenean azken gune horretara sartuta. Irailaren 18ra arteko epea dago.
Jakina denez, Uharte Arakildik (471 m) Beriain mendiko gailurrera (1494 m) igotzean datza proba, Autzasoroburu, Auntzaldapa eta Uharteko portutik. 5 km eta 1.023 metroko desnibel positiboko lasterketa motz eta esplosiboa. Proba Nafarroako Kilometro Bertikalen Txapelketa izanen da, aldi berean, indibiduala eta kluben artekoa.
2017an goi mailako korrikalari ugarik hartu zuten parte lasterketan eta Aitor Osa (40:56) eta Virginia Perez (49:33) izan ziren txapeldunak. Beñat Katarain (45:01), helmugan seigarrena, eta Erkuden San Martin (1:01:25), emakumezkoetan bederatzigarrena, izan ziren lehen sakandarrak.