Beriainera begira

Guaixe 2018ko ira. 21a, 14:21

X. Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala igandean jokatuko dute 252 korrikalarik, 10:00etatik aurrera. Eguraldi ona iragarri dute eta jendetza espero da Beriainen

Igandean Beriain mendizaleen eta mendi korrikalarien bilgunea izango da. Urtetik urtera erakargarritasun gehiago duen Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala jokatuko da etzi, eta puntako mendi korrikalariek eman dute izena, Uharteko proba aldi berean Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa –indibiduala eta taldeka– eta Euskal Herriko Bertikalen Txapelketarako baliagarria izango den proba izango delako.

Antolakuntzak 220 pertsonarendako muga zuen, baina eskariei erantzunez muga hori zabaldu eta 250 korrikalari izango dira etzi goizeko 10:00etan Uharte Arakildik Beriainera abiatuko direnak. Eta haien ahaleginak txalotzera eta korrikalariei beharrezko animoa ematera jendetza bilduko da  Beriaingo txoko, zirrikitu eta maldetan, azken aldapa gogorretan bereziki. Giroa ikusgarria izaten da eta aurten ere horrela izatea espero du antolakuntzak, Aralar Mendi elkarteko mendi klubak. Aralar Mendik Uharte Arakilgo Udalaren eta Nafarroako eta Euskal Mendi Federazioaren laguntza izan du probaren antolaketan, eta hainbat babesleren bultzada. 



5 km aldapatsu eta gogor
Dortsalen banaketa herriko plazan egingo da, goizeko 8:00etatik aurrera. Helmugara igotzeko arroparen bilketa, berriz, 9:00ak arte eginen da. Goizeko 10:00etan ekingo diote korrikalariek probari. Guztiak elkarrekin aterako dira Uharte Arakilgo frontoitik (471 m) eta Beriaingo San Donato ermita izango dute helburu (1494 m). Proba motza da, baina intentsitate handikoa: 5 km-ko lasterketa, baina 1.023 metroko desnibelarekin eta sekulako etapa eta maldekin, San Donato baselizara iristeko azken maldak, bereziki. Bidean zaleen berotasuna eskertuko dute korrikalariek.



250 korrikalari, puntakoak

Aurreko urtean Aitor Osak sekulako erakustaldia egin zuen eta bere laugarren Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala irabazi zuen (40:56), 200 korrikalari pasatxoren artean. Emakumezkoetan Virginia Perezek ez zuen areriorik izan (49:33) eta errekorra gainditzeko 6 segundo eskasera geratu zen (Maria Zorroza, 49:27). Sakandarren artean Beñat Katarain lakuntzarra izan zen azkarrena (46:30), helmugan seigarrena, eta emakumezkoetan Erkuden San Martin bederatzigarrena sailkatu zen (1:01:25). Aurten puntako korrikalariak espero dira eta ikusmina handia da.



Errekorra: Aitor Osa (39:54) eta Maria Zorroza (49:27)

Bukaeran, Uharte Arakilera jaitsita, auzate bikaina izango dute zain korrikalariek eta opari poltsa jasoko dute. Aurten 10. edizioa denez, esfortzu berezia egin du antolakuntzak eta beste produktuez gain, likidoak eta beste eramateko txaleko antzeko bat jasoko dute korrikalariek, 2-3 litroko edukiera duena.

Eguerdiko 13:15 aldera hasiko da sari ematea. Emakumeendako eta gizonezkoendako sariei dagokienez, txapeldunek garaikurrak, txapela eta 300 euro jasoko dituzte, bigarrenek garaikurra eta 150 euro; eta hirugarrenek garaikurra eta 100 euro. Beteranoendako eta juniorrendako txapeldunendako garaikurra izanen da. Bestalde, errekorra onduz gero, 300 euroko saria dago jokoan. Errekorra 2015ean ezarri zuen Aitor Osak (39:54) eta emakumezkoen errekorra 2016an hobetu zuen Maria Zorrozak (49:27). Horretaz gain, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketako sariak banatuko dira, indibidualak eta taldekakoak.