Hirigintza plana berritzeko zati bat despedituta

Guaixe 2018ko aza. 17a, 10:46
Uharte Arakilgo etxeak.

Parte-hartze prozesuaren bidez Lurraldearen Okupazio Estrategia eta Modeloa zehaztu da.

Uharte Arakilgo hirigintza plana berritzeko parte-hartze prozesuko laugarren bilera egin zen astelehenean. Aurreko hirurak auzo bakoitzeko aldamenekin egin zituzten eta azkena uhartear guztiendako izan da. Hartan Lurraldearen Okupazio Estrategia eta Modeloa aurkeztu zuten, hirigintza plana idatzi aurretik egin beharreko agiria. Hartan Uharte Arakilen lehentasunak, hazkunde eredua, baliabideen aprobetxamendua eta ahulguneak gainditzeko bideak zehazten dira. Juana Sainz Betelu alkateak esan digunez, Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolaketa sailera joanen da orain agiria. “han aztertu eta urte baten bueltan-edo berriro jasoko dugu, okupazio-estrategia zehaztu eta hirigintza plana berria egiteko”.

Alkateak 4-6 urte barru hirigintza plana egina egotea espero du. Gaur egun indarrean dagoen planifikazio txostena 1991koa da. Bitartean parte-hartze bilerak “ongi” joan direla azaldu digu. Erredakzio taldeko kideak bileratan izan dira eta heldu diren egunetan arkitektoarekin egoteko aukera izanen dute herritarrek, “ekarpenak edo kontsultako egiteko”. Hala ere, Sainzek gobernuari heldu den astean bidali nahiko lioke txostena.

Alkateak udalak informazioa komunikatzen egindako ahalegina nabarmendu du. “Hainbatetan informazioa etxera bidali dugu, www.uhartearakil.eus web orrian ere dokumentazio guztia izan da”. Inkesta zabaldu zuten ere.