Igor Arrietak Munduko Ziklokros Txapelketan parte hartuko du

Guaixe 2019ko urt. 31a, 15:10
Igor Arrieta 2018ko Nafarroako Erlojupeko Txapelketan. Argazkia: Martin Early.

Mundialak asteburuan jokatuko dira, Danimarkako Bogense hirian, eta Aralar taldeko txirrindulari uhartearra junior mailako proban lehiatuko da, larunbatean, 11:00etan, Espainiako selekzioarekin

Larunbatean eta igandean Munduko Ziklokros Txapelketa jokatuko da Danimarkan, Bogense hirian. Espainiako selekzioak bertan aritzeko hautatutako 18 txirrindularien artean bost euskaldun daude: Javier Ruiz de Larrinaga (elitea), Luisa Ibarrola (23 urtez azpikoa), Xabier Murias (23 urtez azpikoa), Ibai Ruiz de Arkaute (juniorra) eta Igor Arrieta Lizarraga uhartearra (juniorra).

Arakil Txirrindularitza taldean trebatzen da Igor Arrieta Lizarraga (Uharte Arakil) eta aurreko urtean kadete mailan sekulako denboraldia egin eta gero –errepidean eta baita ziklokrosean ere–, aurten, 2019an, junior mailan ibiliko da Arrieta. Errepideetako egutegia despeditzerakoan, ziklokrosean lehiatzen da Arrieta, modalitate honetan ere bikain, eta bere ibilbidea gertutik jarraitu dute Espainiako Txirrindularitza Federazioan. Horrela, Igor Arrieta asteburuan jokatuko den Danimarkako Ziklokros Mundialean Espainiako selekzioan aritzeko hautatu du Pascual Momparler Espainiako ziklokros selekzionatzaileak, junior mailako proban.

Junior mailako Ziklokros Mundialean Igor Arrietak eta Ibai Ruiz de Arkautek talde lana egin beharko dute Carlos Canal eta Gonzalo Inguanzo euren taldekideendako. Canal galiziarra berriki hirugarrena izan zen Frantziako Pontchateauko Munduko Kopan, eta Gonzalo Inguanzo kantabriarra ilbeltzaren 1eko Sven Nys Sari Nagusian bigarrena sailkatu zen. Beraiek dira Ziklokros Mundialean aurrean egoteko Espainiako selekzioko hautagai nagusienak eta Arrietak eta Ruiz de Arkautek lagundu beharko diete, Migel Sanchez beste taldekidearekin batera.

Tenperatura oso hotzak espero dira Danimarkan, eta izoztutako zirkuitua izango dute aurrez aurre txirrindulariek. Juniorren lasterketa larunbatean jokatuko da, 11:00etan hasita. “2016 urtetik, Felipe Ortsek 23 urtez azpikoan zilarrezko domina lortu zuenetik, ez dugu izan Mundialetan podiuma lortzeko aurten juniorretan dugun bezalako aukera garbirik. Zuhurrak izan behar dugu, juniorrak oso gazteak direlako eta eurenak lasterketa oso zailak direlako, estres handikoak, eta matxuraren batek edo edozein talkak buruko postuetatik kanpo geratzea ekartzen duelako” aipatu du Pascual Momparler selekzionatzaileak.

Gainontzeko taldeak
Juniorren taldeaz gain, gizonezkoen eliteko Espainiako selekzioko taldea Felipe Orts, Ismael Esteban eta Javier Ruiz de Larrinagak osatuko dute, emakumezkoen eliteko taldea Aida Nuñok, Lucia Gonzalezek eta Sandra Trevillak, 23 urtez azpiko gizonezkoen taldea Jofre Cullellek, Ivan Feijóok eta Xabier Muriasek eta 23 urtez azpiko emakumezkoen taldea Luisa Ibarrolak, Paula Diazek, Sofia Rodriguezek eta Irene Trabazok. Pascual Momparlerrek adierazi duenez, “Espainiako selekzioak inoiz izan duen talderik onenarekin” ekingo diote Ziklokros Mundialari. 23 urtez azpiko gizonezkoak larunbatean 13:00etan ariko dira, emakumezko eliteak larunbatean 15:00etan eta gizonezko eliteak igandean, 15:00etan.