Igor Arrieta 43.a Ziklokros Mundialean

Guaixe 2019ko ots. 4a, 14:45
Igor Arrieta, Danimarkako Ziklokros Mundialean. Argazkia: Espainiako Txirrindularitza Federazioa, Ivan Pina.

Mundialak asteburuan jokatu ziren, Danimarkako Bogense hirian, eta Aralar taldeko txirrindulari uhartearra junior mailako proban lehiatu zen, Espainiako selekzioarekin

Asteburuan Munduko Ziklokros Txapelketak jokatu ziren Danimarkan, Bogense hirian. Espainiako selekzionatzaile Pascual Momparlerrek 18 txirrindulari konbokatu zituen Espainiako selekzioa ordezkatzeko, tartean Aralar txirrindularitza taldeko Igor Arrieta uhartearra. Igor Arrieta juniorren mailako lasterketan aritu zen, larunbatean, bere taldekide eta lider Carlos Canal eta Gonzalo Inguanzorendako talde lanak egiten.

Bogensenen tenperatura oso hotzei egin behar izan zieten aurre txirrindulariek. Horrela, zirkuitua oso gogorra zegoen, izoztuta, eta panorama horrekin ekin zioten probari txirrindulariek. Espainiako junior mailako selekzioan Igor Arrieta, Ibai Ruiz de Arkaute, Carlos Canal, Gonzalo Inguanzo eta Migel Sanchez aritu ziren. Espainiako junior mailako selekzioak podiuma egiteko erronka zuen, Carlos Canal galiziarra Munduko Kopako azken bi probetan bikain aritu baitzen –Hoogerheiden bigarrena eta Pont-Châteaun hirugarrena izan zen– eta Gonzalo Inguanzo kantabriarra ilbeltzaren 1eko Sven Nys Sari Nagusian bigarrena sailkatu baitzen.

Ongi hasi zen Carlos Canal galiziarra, lasterketa buruan kokatu zen, baina berehala katea atera zitzaion eta aurreko taldearekin minutu bat galdu zuen. Ordutik, aurrekoak harrapatzen saiatu zen Canal, taldekideen, tartean Igor Arrietaren laguntzarekin; gutxika postuak aurreratzen hasi zen, eta, azkenean, helmugan zazpigarrena sartu zen, erremontada bikaina egin eta gero. Gonzalo Inguanzo hasieran aurrean egon zen, baina gutxika indarra galtzen hasi zen eta, azkenean, 16.a sartu zen helmugara. Migel Sanchez 35.a sailkatu zen, Igor Arrieta 43.a eta Ibai Ruiz de Arkaute 64.a, lan oso txukuna egin eta gero. Aipatzekoa da munduko junior txapelduna Ben Tulett britainiarra izan zela, eta haren atzetik Meeussen eta Cortjsen belgiarrak sailkatu zirela.