Berez lau kinto badira ere, batek ez du ospakizunetan parte hartuko eta Uharte Arakilgo kinto ospakizunetako protagonistak hiru izanen dira: Urko Gorriti, Leire Betelu eta Inhar Astitz. Atzo 14:00ak aldera bazkaltzera elkartu ziren. Bazkaldu ondoren herritarrekin egon ondoren, trikitilariak lagun, baserrietara joan ziren eskatzera. Handik bueltan herrian poteatzen ibili ziren kintoak. Eurak non zeuden erraz asko jakin zitekeen bonbo hotsari segituz. Izan ere, kinto ospakizun guztietan aldean izanen dute perkusio tresna. Herriko taberna batean afaltzera elkartu ziren. Eta kinto ospakizunen usainean uhartear batzuk ere afaltzera animatu ziren, giroan sartzeko trikiti doinuak lagun zituztela.
Hiru kintoek udalak utzitako eraikin batean lo eginen dute kinto ospakizunek irauten duten bitartean, mojena zen eraikinean hain zuzen ere. Gaur goizean kinto-eskea Itxesia auzoan eskatuz hasi dute, herrira iritsi ondoren bazkaltzera joanen dira. Arratsaldean kinto-eskea Zerradoa kaletik hasi eta herrirantz joko dute. Afaltzerakoan haiekin batera atzo baino jende gehiago izanen da gaur eta parranda eginen dute guztiek.
Bihar goizean hirukoteak kinto-eskea Alde Zaharrean eginen du. Ihote ospakizunak direnez, kintoek euren musika eta bonbo kolpearekin herri bazkari aurreko giroa berotuko dute. Haiek ere elkartean bazkalduko dute eta arratsaldean ihote ospakizunaz gozatuko dute. Kinto-ospakizunak despeditzeko gelditzen den gauza bakarra igandeko afaria izanen da. Hartara aurtengo kintoak, kinto zaharrak eta kinto gazteak joanen dira, hamarren bat. Ospakizunetan kintoek arropa zaharrak jantziko dituzte.