Bi lasterketa, bi garaipen: Igor Arrietak Gorlako Igoera eta Altsasuko Udaberriko Saria irabazi ditu

Guaixe 2019ko mar. 19a, 12:48

Sakana Group taldeko txirrindulariak Gorlako Igoera eta Altsasuko Udaberriko Saria irabazi ditu asteburuan. Bere taldekide Aitor Alberdi bigarrena izan zen Altsasun

Asteburu borobila izan da hau Sakana Group-Aralar txirrindularitza talde lakuntzarrarendako. Jubeniletan, larunbatean Gazteen I. Gorlako Igoera jokatu zen Bergaran eta talde horretako Igor Arrieta Lizarragak sekulako erakustaldia eman zuen, garaipen itzela lortuaz (20:29). Uharte Arakilgo txirrindulariak 46 segundo atera zizkion Ampo taldeko Enekoitz Azparreni eta Bellota taldeko Xabier Isasari. Horrela, denboraldi honetako bere lehendabiziko garaipena lortu zuen Arrietak eta bere taldeko Sakana Group-Aralar klubeko bigarren garaipena, martxoa hasieran Aitor Alberdik Villatuertan lortutakoari jarraiki.



Hurrengo egunean, igandean, Burunda Txirrindularitza Talde sakandarrak Altsasun antolatutako XXXIV. Udaberri Saria jokatu zen, 80 km-ko proba. Altamira hiru aldiz gainditu behar izan zuten irteera hartu zuten 142 txirrindulariek eta haietatik soilik 69k lortu zuten helmugara iristea, euria eta eguraldi kaxkarra tarteko. Bezperan Gorlan azkarrena izan eta gero, Igor Arrieta bikain aritu zen eta berak lortu zuen proba irabaztea, helmugara bakar-bakarrik iritsita (1:53:55). Sakana Group-Aralar taldeko bere taldekide Aitor Alberdi arbizuarra bigarrena sartu zen, 25 segundora, eta Bellota taldeko Xabier Isasa hirugarrena, 29 segundora. Proba irabazteaz gain, tarteko helmugen saria eta mendiko saria irabazi zituen Igor Arrietak. Aurten kategoria estreinatzen duen denboraldi honetan, kadeteetatik jubeniletara pasa baita, zeresana emango du txirrindulari uhartearrak. Taldeen artean Ekin-Amorebieta izan zen onena.  

Burundako Quesos Albeniz taldeko Unai Aznar 10.a sailkatu zen, Iker Mintegi 14.a eta Diego Gonzalo 56.a. Sakana Group-Aralar taldeko Mikel Lizasoain 59.a sartu zen eta bere taldekide Inhar Astitz 62.a. Larunbatean Euskal Herriko Torneorako baliagarria den Monteagudo Trofeoa dute jokoan juniorrek, 11:30ean (85 km).


Maialen Aramendia Emakumeen Gorlako Igoeran
Larunbatean Emakumezkoen Euskaldun Torneorako baliagarria den Gorlako Igoera jokatu zen Bergaran, junior, elite eta 23 urtez azpiko emakumeendako. Elite mailan Movistar Team taldeko Eider Merino gailendu zen 1:58:17, helmugara bakar bakarrik heldu eta Bizkaia Durangoko Nicole D´Agostiniri 25 segundo atera eta gero. Aurten Murias-Limousin taldean dabilen Maialen Aramendia 35.a sailkatu zen, 11:35era. Larunbatean Emakumezkoen Tolosako VI. Saria izango dute jokoan, 15:00etan (116,6 km).

Eneko Aramendia Aiztondo Klasikoan
Igandean Espainiako Koparako baliagarria den XVI. Aiztondo Klasikoa jokatu zen Billabona-Adunan (131,5 km). Lasterketa luze, ero eta gogorrean, Gomur-Cantabria Infinita taldeko Angel Fuentes izan zen garailea (3:15:45). Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Sergio Roman bosgarrena sailkatu zen, 8 segundora, eta Eneko Aramendia iturmendiarra (Goierriko TB-Laboral Kutxa) 69.a, 12:44ra.

Afizionatuek larunbatean Lehendakari Txapelketarako baliagarria den lasterketa dute Laukizen, 10:00etan (129 km), eta igandean XLII. Cirilo Zunzarren Memoriala jokatuko dute, 10:00etan (134 km).