Igor Arrietak juniorren Paris-Roubaux osatzea lortu zuen

Guaixe 2019ko api. 15a, 12:35

Espainiako junior mailako selekzioarekin aritu zen Uharte Arakilgo txirrindularia junior mailako Paris-Roubeauxen eta 33.a sailkatu zen

Profesionalen lasterketaren parean, 23 urtez azpikoek eta juniorrek ere euren Paris-Roubaux lasterketa izan zuten. Iparraldeko infernua oso gogorra izan zen juniorren mailako Espainiako selekziorako. Bertan aritu zen Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta uhartearra, selekzionatzailek hautatua. Javier Serrano (Madrid), Lander Lartitegi (Euskadi), Juanjo Rosal (Katalunia), Juan Ayuso (Valentzia) eta Carlos Rodriguez (Andaluzia) izan zituen taldekide.

Junior mailako lasterketa 111 km-koa izan zen, galtzadarrietako 17 eremuekin. Proba oso gogorra izan zen, erorikoz eta gurpil zulaketez josia. AEBetako Michael Garrisonek erasoa jo zuen helmugarako 70 kilometroren faltan eta aurrera egin zuen bakarrik. 30 kilometroren faltan tropeletik salto egin zuen talde batek, Garrison harrapatzeko asmoz, eta helmugarako 10 kilometroren faltan lortu zuten estatubatuarra harrapatzea. Azkenean, esprintean, Van Veenendaal gailendu zen. Igor Arrietak eta bere taldekideek ederki sufritu zuten, baina azkenean, proba osatzea lortu zuen uhartearrak eta 33.a sailkatu zen, bere taldekide Lander Lartitegi 40.a eta Javier Serrano 42.a. Gainontzekoek proba utzi behar izan zuten.