Galiziako gutizien eskaintza

Guaixe 2019ko mai. 24a, 14:02
Olagarroa prestatzen.

Gaurtik igandera Olagarro Azoka izanen da Uharte Arakilgo plazan. Galiziar erara prestatutako itsaski, haragi eta olagarroa dastatzeko aukera izanen da.

Bosgarren urtez jarraian Lugoko Baralla pulpeiroa Uharte Arakilen izanen da, jendea gustua hartu dionaren seinale. Gaur iluntzerako galiziarrek sukaldea zabalduko dute, igande arratsaldera arte. Sukaldearen ondoan aulkiak eta mahaiak izanen dira, han hamabitakoa, bazkaria, merienda edo afaria egin nahi dutenendako. Plantxan, parriletan edo eltzetan prestatuko dituzte galiziarrek jatekoak, besteak beste, olagarroa, lakona, Padrongo piperrak, ganba handiak eta txikiak, zanburinak, txurraskoa, kriolloa, txorizoa eta beste aterako dira mahaietara. Ribeiro eta Albariño ardo txuriak edateko aukera izanen da.

Antza, Lugo eta Ourenseko herri txikietan festak horrela ospatzen dituzte pulpeiro bat eta musikariak eramanez. Uharte Arakilen bihar, 12:00etan, erraldoien eta buruhandien konpartsa aterako da eta 22:00etan Destino Sonora taldearen kontzertua izanen da. Aurreko urteetan bezala uhartearrak eta makina bat sakandar pasako dira Olagarro Azokatik.

Erlazionatuak