Txomin Uharte Baleztena EH Bilduko alkate berriak kargua hartu berritan “hurrengo urteetan lanerako talde ederra” dutela ziurtatu zuen. Hauteskunde zerrendari “forma ematen eta parte-hartze prozesuan ibili zareten guztioi eskerrak” eman zizkien Uhartek. Esker oneko hitzak izan zituen ere babestu zituzten uhartearrendako. “Aurreko udalak egindako lanarendako” esker oneko hitzak izan zituen Uhartek.
Udaletxean zortzi urte eman ondoren, Juana Sainz Beteluk alkate ohiak ere hitza hartu zuen, hunkituta. Eskerrak eman zizkien Uharte Arakilgo udalean ezker abertzaleari eta EH Bilduri bidea egiten lagundu zieten guztiei. Azken bi legegintzaldietan oposizioan egondakoen “pasa iheskorra eta lan baliogabea” aipatu zituen ere. Berarendako udalean egondako urteak “eraikitzaileak” izan zirela ziurtatu zuen. Udalean talde lanean aritu direla eta egindako lanaz “harro” sentitzen direla nabarmendu zuen Sainzek, “nahiz eta egiteko asko dagoen oraindik. Herritik eta herriarendako lan egitea izan dugu helburu”. Lagundu dieten guztiei eskerrak eman eta udal berriari legegintzaldia “ona eta positiboa” izan dadila opa zion.