Gaur, uztailaren 30ean, eta ostegunean, abuztuaren 1ean, Emakumeen Nafarroako Klasikoa jokatuko da, Kirol Bat Triatloi Taldeak (K1T) antolatutako nazioarte mailako lasterketa. Iruñeko Gaztelu Plazatik abiatuko da gaur, asteartean, klasikoko lehendabiziko etapa, 15:45ean, eta 108 kilometro beranduago despedituko da, Lekunberrin. Tartean Sakanatik pasako da. Emakumezkoen tropeleko txirrindulari onenak lehiatuko dira, 126 guztira, 19 taldetan, eta tartean daude Lourdes Oiarbide eta Eider Merino (Movistar Team, Lucy Kennedy (Mitchelton-Scott), Ane Santesteban (WNT Rotor) eta Bizkaia-Durango, Sopela Women’s Team, Murias-Limousin, Nafarroa-Ermitagaña eta Belori Women’s Team talde nafarrak.
Lizarragako tuneletik iritsiko dira Sakanara, eta San Migel igoko dute
Gaurko etapan, Iruñetik atera eta Ororbiarantz joko dute txirrindulariek, Anotzen Goñiko gainari ekiteko; ondoren, Urdanozera iritsiko dira txirrindulariak, eta Vidaurre, Muez eta Lezaun gaindituko dituzte. Lezaunen Lizarragako Portua igoko dute, Lizarragako gainera heldu; horrela Sakanara iritsiko dira, eta portua jaisterakoan Arbizurantz eginen du tropelak, 17:55ean. Bigarren mailako errepidetik aurrera eginez, Lakuntza eta Arruazu atzean utziko dituzte txirrindulariek eta Uharte Arakildik San Migel pista igotzeari ekingo diote txirrindulariek, 18:00ak aldera. San Migel igo eta gero, Lekunberriko bidea hartuko dute, helmugara.
Nafarroako Klasikoko bigarren etapa ostegunean jokatuko da, abuztuaren 1ean. 10:10ean Iruñetik abiatu eta Etxaurira jo eta gero, Lizarraldean barna ibiliko da eta Lodosan despedituko da (120,7 km).