Artzainei omenaldi festa

Guaixe 2019ko abu. 24a, 11:12

Gazta nola egiten den ikasteko aukera izanen da.

Artzaintzaren inguruko egun osoko egitarau betea izanen da. Aurten artzaintzan emakumezkoek duten papera ikusarazi eta aldarrikatu nahi du Aralar Mendi elkarte antolatzaileak. "Gure ustez emakumezkoa ustiategi askotan funtsezkoa izan arren, ez zaio behar adinako aitorpenik eman".

Uharte Arakilek 52. Artzain Eguna hartuko du bihar. Artzainen eta euren lana kultur ondore garrantzitsua dira eta hura ikusgarri egiten da Artzain Egunean. Ospakizunarekin batera Aralar Mendi elkarte antolatzaileak ere gure herri eta mendiei loturiko artzaintza bizia aldarrikatzen du, bertako ardiez osatutako artaldeak eta haiek gobernatzen laguntzeko bertako txakurren erabileraren alde eginez. Horregatik guztiagatik, Uharte Arakildik pasatzen denak artzainekin topo eginen du ziurrenik. Baina baita gazta, gaztagile, ardi-motzaile, txakur-trebezia lehiaketa, artisau, elikagai eta lantresna postuak, jatekoak, musika eta beste ere.

Aralar Mendi elkarteak eguna baliatuko du artzaintzarekin lotura duen pertsonaren bati edo talderen bati aitortza egiteko. 13:00etan izanen da omenaldia. Ondoren, goizean zehar jokatutako hainbat lehiaketetako sari banaketa eginen dute. Aipatzekoa aurten ardiki txapelketak mende laurdena beteko duela. Goizeko egitaraua gazta txapelketako irabazi duen piezaren beste erdiaren enkantearekin despedituko da. Joan den urteko 4.550 euro prezioa gaindituko den ikusteko jakin-minez izanen da makina bat jende. Frontoiko herri bazkariaren ondoren, Artzain Egunari hasiera eman zion lehiaketak, txakur-trebeziarena, Geinbera zelaian jokatuko da, 17:00etan. Artzain Eguna 2012az geroztik Nafarroako Interes Turistikoko festa da.

Egitaraua
10:00etan Irekiera ekitaldia eta epaimahaiaren osaketa.
10:30-14:30 XXXVIII. Nafarroako ardi latxen esnearekin egindako gazta lehiaketa. Gazta feria eta artisautza feria.
10:30-13:30 XXXVI. Nafarroako ardi latxen erakusketa eta esne-ekoizpenaren lehiaketa. XVI. latxa arrazako aziendaren estatuko lehiaketa.
11:00-12:00 XXVII. artzain txakurren erakusketa.
11:00-13:00 XXXII. Nafarroako ardi-moztaileen txapelketa.
11:30 Artaldea herritik pasatuko da.
12:15ean XXV. Ardiki gisatuaren lehiaketa eta dastatzea.
12:45 Gazta dastaketa.
13:00 Omenaldia.
13:30 Lehiaketen sari-banaketa. Gazta irabazlearen enkantea.
14:30 Herri bazkaria pilotalekuan.
17:00 LII. Nafarroako artzain-txakurren txapelketa Geinberan. Euskal Herriko eta Oñatiko nazioarteko txapelketetarako sailkagarria. Omenaldia.

Goizean zehar: gazten eta eskuz eginiko beste hainbat produkturen erakusketa; eskulanen erakusketa: kaikuak, egurrezko uztaiak, apaingarriak, zeramika, egurra, ardazlariak, taloak, jakiak... Euskal dantza, musika taldeak eta joaldunak.