Artzain Eguneko sarituak

Guaixe 2019ko abu. 26a, 13:32

Omenaldian dantzariak aurreskua dantzatu zuen.

Artzaintza eta inguruan duen kultura guztia goresteko hitzordua da Aralar Mendi elkarteak Uharte Arakilen agorrileko azken igandean antolatzen duena. Haren berri bertatik bertara izatera joan zen jendea. 

Aralar Mendi elkarteak emakumezkoek artzaintzan duten papera ikusarazi eta aldarrikatu nahi izan zuen; “gure ustez, emakumea ustiategi askotan funtsezkoa izan arren, ez zaio behar bezalako aitorpenik egin”. Horregatik, antolatzaileek ospakizunaren aurretik artzaintzari buruz antolatutako hirugarren jardunaldietan emakumezkoaren rola artzaintzan izan zen ardatza. Arantxa Borreguero Molerok (Uharte Arakil), Marta Perez de Albeniz Ruizek (Aranaratxe), Maixabel Balda Mercerok (Unanu), Miren Uharte Martiarenak (Uharte Arakil), Cristina Ruiz de Larramendi Ruizek ( Eulate), Marta Perez Loperenak (Egozkue) eta Naiara Calderon Aiestaranek (Ihabar) euren iritziak eman zuten. Mahaiaren bueltan esandakoen ondorioak Artzain Egunean bertan ikusteko aukera izan zen, antolakuntzak panelen bidez haien berri eman baitzuen. Zazpi emakumeek Artzain Egunean aitortza jaso zuten. 

Ez ziren bakarrak izan. Urtero moduan Aralar Mendi elkarteak festarekin lotura duten pertsonak omendu zituzten. Aurten hiru izan ziren: Jose Mari Munarriz (lastailean hila) eta Jose Mari Domenech editorea urteetan gazta txapelketako epaile aritzeagatik eta Joxe Ulibarrena eskultorea. Bestalde, ardi latxa ustiategiak jarri dituzten 11 gaztek aitortza jaso zuten: Ainhoa Goñi Ormart (Lesaka), Manex Urrutia Azkarraga (Azpilikueta), Josu Jorajuria Bazterrika (Donamaria), Ainhoa Mortalena Bidegain (Azpilikueta), Jon Ander Bengoetxea Azkarraga (Arizkun), Andres Olazaran Iñiguez (Zudaire), Amaia Iturriria Barrenetxe (Baztan), Miren Uharte Martiarena (Uharte Arakil), Oihana Oiarbide Reparaz (Dorrao) eta Iñaki Agirre Uria (Olatzagutia). Guztiek euren egitasmoak aurrera egiteko, berriak direlako edo aurretik zeudenei segida emateko, gobernuaren diru-laguntza jaso dute. 

Lehiaketak
Gazta txapelketara 30 gazta aurkeztu ziren eta 10 onenen artean bi gazta sakandar sailkatu ziren: Albi (bosgarrena) eta Aitona (zortzigarrena). Kortaria gaztandegiko Infernuko gasna irabazlearen erdiagatik 4.600 euro ordaindu zituzten Alhambra jatetxeak eta Lakita eraikuntza enpresak, joan den urtean baino 50 euro gehiago. Gazta erdia eskuratzeko lehian Muga de Beloso, Tres Reyes eta Pompaelo hotelak ere aritu ziren. Geinbera zelaian, arratsaldean, jokatutako artzain txakurren trebezia proba 18. aldiz Antonio Alustizak irabazi zuen Jai txakurrarekin, joan den urtean bezala. Sei artzain lehiatu zen, Alustiza bera bi txakurrekin neurtu zuen animalien trebezia. 

Neurketaren eten batean ohikoa bihurtu den gazta-harrapaketa jokatu zen. Aldapan behera gazta bat bota zen eta haurrak hura harrapatzen ahalegindu ziren, eskuratu eta etxera eramateko. 

Erlazionatuak