Beriainera, azkar-azkar

Guaixe 2019ko ira. 20a, 14:02

Igandean XI. Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala jokatuko dute izena emanda dauden 226 korrikalariek. Guztiak batera abiatuko dira goizeko 10:00etan, Uhartetik, eta Beriaingo gainera iritsi beharko dira. Eguraldi nahasia espero da baina korrikalariak animatzeko jendetza igoko da Beriaingo maldetara

Aurten 11 edizio beteko ditu Aralar Mendi Elkarteak antolatzen duen Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalak. Igandean jokatuko da, goizeko 10:00etatik aurrera, eta 226 korrikalari daude izena emanda, probak duen erakargarritasunaren isla. Izan ere, Beriaingo proba honek badu zer edo zer; bitxia da, gogorra eta ederra. Horregatik, puntako mendizaleak bilduko dira irteeran. Proba Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako baliagarria da eta, horretaz gain, Euskal Mendi Federazioaren Euskal Herriko Mendi Errankinerako puntuagarria da. 

Egunotan guztia behar bezala prestatzeko lanetan murgilduta daude Aralar Mendi Elkarteko kideak. Uharte Arakilgo Udalaren eta Nafarroako eta Euskal Mendi Federazioaren laguntza dute, eta herriko eta gertuko denda, taberna, komertzio eta babesleen bulkada. 

Goiz hasiko da mugimendua
Dortsalen banaketa Uharte Arakilgo plazan egingo da, goizeko 8:00etatik aurrera. Antolakuntzak ere korrikalariei arropa eta materiala igoko die helmugara, eta material bilketa 9:00ak arte eginen da. Korrikalariek goizeko 10:00etan ekingo diote km bertikalari. Lehen banaka ateratzen ziren korrikalariak, kronometratutako proba zen, baina azken urteetan hartutako erabakiari jarraiki, aurten ere korrikalari guztiak elkarrekin aterako dira Uharte Arakilgo frontoitik (471 m), ohiko lasterketa batean bezala. Beriaingo San Donato ermita izango dute helburu (1494 m). Proba motza da, baina intentsitate handikoa: 5 km-ko lasterketa, baina 1.023 metroko desnibelarekin eta sekulako maldekin, San Donato baselizara iristeko azken maldak, bereziki. Bidean zaleen berotasuna eskertuko dute korrikalariek. Izan ere, proba jarraitu eta korrikalariak animatzeko ikusle mordoa biltzen da Beriaingo bidezidor, xenda eta maldatan, azken malda gogorretan bereziki. Igandean eguraldi nahasia espero da, baina, hala ere, aurreikusten da jendetza bilduko dela ibilbidean barna. 

Aurreko urtean Iban Murua izan zen Beriainera azkarren iritsi zen korrikalaria (40:37), bere entrenamendu kide Aitor Osari lekukoa hartuz. Hala ere, ez zuen lortu Osaren errekorra gainditzea (39:54). Emakumezkoetan, Oihana Azkorbebeitiak ez zuen areriorik izan eta nagusitasun handiz gailendu zen, errekorra gaindituz (48:54). Murua aurten ere lehiatzekoa da eta bera da faboritoetako bat, baina Azkorbebeitia ez da ariko. 

Errekorra gainditzen duenarendako 300 euro
Sari ematea Uharte Arakilgo plazan izanen da, 13:15 aldera. Bertan ere indarrak berreskuratzeko auzate bikaina izango dute zain korrikalariek. Sariei dagokienez, txapeldunek, gizonezkoek eta emakumezkoek, 300 euro, garaikurra eta txapela lortuko dituzte, bigarrenek 150 euro eta garaikurra eta hirugarrenek 100 euro eta garaikurra. Lehen hiru beteranoak oholtza gainera igoko dira garaikurra jasotzera, eta baita ere junior mailako txapeldunak. Errekorrak gaindituz gero –39:54, Aitor Osa, 2015ean; eta 48:54, Oihana Azkorbebeitia, 2018an–, 300 euroko saria dago jokoan. 

Antolakuntzak festa eder honetan parte hartzera gonbidatzen ditu sakandarrak. Sakandar asko lehiatuko dira, eta haiei animoak emateko Beriainera edo Uharte Arakilera gerturatzeko deia egin dute.