Mendi lasterketak

Maite Beregaña: “Espero baino hobe aritu naiz eta, garrantzitsuena, asko disfrutatu dut”

Maider Betelu Ganboa 2019ko ira. 27a, 10:02

Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean lehen emakume sakandarra eta lehen uhartearra izan zen Maite Beregaña. Lasterketaz aritu ginen berarekin sari ematea eta gero

Zer moduz joan da lasterketa?
Ongi, lohi asko zegoen. Nabaritzen zen euri asko egin duela, baina lohiaz aparte, korrika egiteko tenperatura bikaina zegoen. Takoa duten zapatillekin, aurrera. Baina onartu beharra dago lohiarekin zailagoa egiten dela; diferentzia nabari da. Irrist egiten duzu, pausu bat aurrera eta bi atzera… baina moldatu gara. 

Hortaz, gaur Ainhoa Sanzek errekorra minutu batean hobetzea sekulakoa izan da…
Zuk esan bezala, sekulakoa. 

Beriain punta estalita zegoen…
Bai, lainotuta. Goiko zelaira iristerakoan haizeak gogor jotzen zuen, ez zegoen modurik airea hartu eta korrikan hasteko. Lainotuta zegoen, ez zen ermita ere ikusten. Hara iritsi, helmugan zerbait hartu, gorputza epeltzeko zerbait jantzi eta beherantz, hankak zehozer askatzera. 

Lehen emakume sakandarra eta lehen emakume uhartearra izan zara. Zure aurreikuspenak bete dira?
Bete ez, gainditu dira! Aurreko astean antolakuntzatik hots egin zidaten esateko ez zegoela Uharte Arakilgo emakumerik izena emateko zerrendan. Berriki ama izan naiz, eta dudan tarte eskasa asfaltoan korrika egiteko aprobetxatzen dut. Duela hiru urte parte hartu nuen Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean, eta ordutik ezer. San Donatora ere ez nintzen aspalditik igo. Baina izugarrizko pena ematen zidan emakume uhartearrik ez ateratzea, eta izena ematea eta nola edo ahala aritzea erabaki nuen, besterik gabe parte-hartzea. Izan ere, herriko ekimenetan parte hartu behar da. Aurreko astean bertan zehozer entrenatu nuen, ahal nuena. Ez nago gora igotzea ohituta, baina errepidean korrika egitetik goraka egitera pasa naiz aste honetan, gogor. Gaur erlojurik gabe atera naiz, ez nuen denboraren erreferentziarik izan nahi: parte hartzea eta listo. Eta herritarren animoekin gora iritsi naiz. 

Eta nola gainera! Emakumezkoen sailkapenean 15.a (1:02:12) eta lehen sakandarra izan zara…
Espero baino hobe aritu naiz, eta oso pozik. Eta garrantzitsuena, asko disfrutatu dut. 

Amatasuna eta kirola uztartzea zaila izango da…
Haurrak urte bat dauka, eta bai, ez dut tarte handirik, baina saiatzen naiz.