Mosulgo gurutzea Uharte Arakilen

Guaixe 2019ko urr. 25a, 10:45
Mosulgo gurutzea elizkizun batean.

Iraken jazarritako kristauen gurutzea igande goizean Aralarren izanen da eta arratsaldean Zamartzen

Hilabete honetan, aparteko misio-hilabetea, Mosulgo gurutzea Iruñeko eta Tuterako elizbarrutian dago, herri batetik bestera. Mosuleko Gurutzea Bartellako San Simonen elizakoa da, Mosul eskualdean, Iraken. Daesh edo Estatu Islamikoak txikitutako eliza ugarietako bat da hori. Gurutze Bide baten zati zen gurutzea eta errea izanaren arrastoak nabari dira. Erlikia hori goratzeko, beste gurutze handi baten barruan txertatuta eramaten dute. Nafarroako elizako buruek gogoratu dute Iraken 120.000 kristau euren etxetik alde egin behar izan zutela. 

Mosulgo gurutzeak Nafarroan egindako ibilbidearen azken geldialdia Uharte Arakilen izanen da. Aralarko santutegiko igandeko meza nagusian izanen da lehenik, 12:30ean. Zamartzeko monasterioan, berriz, 17:00etan bezperak izanen dira. Han ere, misiolari eta jazarritako kristauen testigantzak entzuteko aukera izanen da.