Udalak zubiaren oinarria sendotu du

Guaixe 2019ko aza. 11a, 11:13

Gizona egindako konponketari begira.

Urak azpijana egina zion zubiaren ipar aldeko eskuineko babesari. Maiteminduen paseoko bihurgunean dagoen harri-lubeta ere konpondu dute, ubeldeak hura desegin eta gero. 

Duela hiru astera arte Uharte Arakildik pasatzen zirenek irudi bitxia ikusteko aukera zuten: pala bat ibaian sartuta, zubiaren babes bat konpontzen. Uharte Arakilgo Udalak aginduta Akier eraikuntza enpresak zubiaren ipar-aldeko oinarria babesteko harrizko egituran agertutako zuloa konpondu du. Bai zulo hori bai zubiaren ezkerraldeko petrilean ibilgailu handi batek eragindako zartadura 2015ean atzeman zituzten. Urte hartako agorrilean uhartear boluntario talde batek, udaleko bi langileren laguntzaz, zubian zeuden landareak eta zuhaixkak kendu zituzten. Haiek izan ziren zubiaren egoeraz udala gaztigatu zutenak. Uharte Arakilgo Udalak aspaldi eskatu zien baimena Ebroko Ur Konfederazioari eta Nafarroako Gobernuari lan horiek egiteko. 

Uharte Arakilen iparraldean dagoen ubelde gaineko zubiak 700 bat urte ditu, XIV. mendekoa da. Harresiz inguratuta zegoen erdi Aroko Uharte Arakilera sartzeko bi zubietako bat zen herriaren iparraldean dagoena. Ibaiaz beste aldean garita moduko bat izanen luke zubiak eta babeserako beste horma bat herri aldean. Beste zubia Itturpebide kalean dago, lurpean. 30 bat metro luze eta 4 metro zabal ditu. 

Duela 104 urte zubiaren eskuin aldea erori zen eta zati hura porlanez berregin zuten. 44 urte dira izkina batean zuloa egin eta porlanez konpondu zutela. Eta, azkenik, duela 38 urte zubia zartatu egin zen eta zabaleran, ezker-eskuin, burdinazko barrak jarri eta zoruan porlana zabaldu zuten. 2015az geroztik 3.500 kilo baino gehiagoko ibilgailuek ezin dute zubi gainetik pasatu. 

Harri-lubeta 
Bihurgunean dagoen harri lubeta berreraiki dute Akier eta Excavaciones Lizarraga enpresen artean. Ubeldeak harriei azpi jana egina zien. Ibaian egindako bi lanek 12.000 euro inguruko aurrekontua izan dute. Harri-lubetagatik diru-laguntza jasoko du udalak.