Elkartean lan erdiak eginak

Guaixe 2019ko abe. 23a, 12:43
Elkarteko bazkide batzuk sukaldeko altzari bat garbitzen.

Aralar Mendi elkartean segurtasuna hobetzeko eta sukaldea handitzeko lanak egiten ari dira. Ilbeltzean despeditu nahi dituzte lanak .

Duela hilabete eta erditik uhartearrek ezin dute herriko elkartea, Aralar Mendi, erabili. Eraikuntza enpresa baten hesiak ixten die sarbidea. Eta hala izanen da ilbeltzera arte, lanak despeditzen diren arte. Hilabete edo falta baita. Aralar Mendi elkartean segurtasun neurriak hobetu dituzte, esaterako, bentilazioa, suteen kontrako babesa eta beste. Horrekin batera irisgarritasuna hobetzeko sarrerako koxka kendu eta arranpa jarriko dute eta komunak ere egokituko dituzte. Lan horiek egin behar zirela baliatuz sukaldea handitzeko erabakia hartu zuten. Eta horretarako itxi dute elkartea. Baina eraikuntza enpresako langileez aparte, bazkideak ere ari dira lanean. Elkartea auzolanean hustu zuten. Larunbat goizean, esaterako, sukaldean berrerabiliko diren altzairu herdoilgaitzeko altzariak garbitzen ari ziren plazan. Eta dena garbituta, elkartean sartzeko beste auzolan bat eginen dute. 

Aralar Mendi elkartea 1968an sortu zen. Urte hartako ilbeltzean jaso zuten gobernuaren baimena elkartea zabaltzeko eta estatutuak ere orduan aurkeztu zituzten. Beraz, 51 urte ditu. Uhartearrak, normalean, 18 urterekin egiten dira Aralar Mendik elkarteko bazkide. Beraz, herriko gazte eta adinduek bat egiten dute. Gaur egun 250 bazkide inguru ditu elkarteak. Eraikinak hiru solairu ditu. Behekoan taberna, sukaldea, komunak eta beheko sua daude. Lehen solairuan jangela eta azkenekoan, bulegoa. 

Erlazionatuak