Bi hilabete frontoirik gabe

Guaixe 2019ko abe. 27a, 12:28
Larrabieta pilotalekuan konpondu beharrekoetako batzuk agerian daude.

Hainbat konponketa lan egiteko itxi du udalak. Lanak otsailerako despedituta beharko lukete. Lanek 57.000 euro inguruko aurrekontua dute.

Uharte Arakilgo Larrabieta pilotalekua 1988ko garagarrilaren 24an mustu zuten, duela 31 urteko herriko festetan. Urteen joanarekin hondatuz joan da eta konponketak egin beharra ikusi du udalak. Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu digunez, “aldagela gaineko estalpea konponduko da, kanalizazioa hobetuz eta irteerak ongi jarriz. Hori da diruz lagunduta dagoen lanaren zatia”. Horrekin batera, itajurak kenduko dituzte. Esaterako, frontisaren ondoan argia sartzen uzten zuten plakak hautsita daude eta haiek ordezkatuko dituzte. Horren ondoren pintatu eginen dute. 

Uhartek gaineratu digunez, “teilatuko plaketako gomazko juntak eguzkiarekin erre egiten dira eta handik gero ura sartzen da. Teilatuko itxesurak kentzeko zerbait egin behar da. Aurrekontua eskatu dugu eta ikusiko dugu zer egin daitekeen”. Aurretik ere teilatuan konponketak egin ziren, Irañeta aldetik ura sartzen baitzen. Lanak astelehenean hasi ziren eta bi hilabetetan despedituta egon behar dira. “Eskolari eta kirol taldeei ahalik eta gutxien kaltetzeko erabaki da orain egitea. Lanak ahalik eta azkarren despeditzea nahi genuke”. Izan ere, eskolak kiroldegi gisa darabil frontoia. Gainera, pilota eskola, areto futbol taldeak eta uhartearrak dira Larrabietan aritzen direnak. Euria egiten badu, Olentzeroren eta Mari Domingiren harrera ere tokiz aldatu beharko dute.