Ziklo-krosa

Igor Arrietak Ziklo-kros Mundialetan parte hartuko du

Guaixe 2020ko urt. 24a, 10:52

Ziklo-Kroseko junior mailako munduko errankinean 11. tokian dago Uharte Arakilgo txirrindularia

Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta Lizarragak Munduko Ziklo-kros Txapelketan borobilduko du ziklo-krosean egin duen denboraldi paregabea. Suitzako Dübendorf hirian jokatuko dira Ziklo-kros Mundialak otsailaren 1ean eta 2an, eta nahiz eta Espainiako Txirrindularitza Federazioak oraindik bertan ariko diren txirrindularien zerrenda ofizialik ez argitaratu, Uharte Arakilgo txirrindularia junior mailako Mundialean ariko dela jakina da. 

Igor Arrietak Espainiako Ziklo-kros Txapelketa irabazi zuen duela bi aste, Pontevedran. Irteera ona eginda, lehenengo postuetan kokatu eta hirugarren itzulian aurrea hartu zuen uhartearrak, helmugara lehena iritsiz. Aurretik Nafarroako Ziklo-kros Txapelketa irabazi zuen eta beste hainbat proba, eta Lezaman jokatutako Euskadiko Ziklo-kros Txapelketan bigarrena izan zen, Aitzol Sasietaren atzetik. Hori izan zen ziklo-krosean aritu den proba guztietan irabazi ez duen bakarra -espainiar estatuan aritu den 10 lasterketatik 9 irabazi ditu–, irteera txarra egin eta gero. 

Munduko Kopako Nommayn 19.a sailkatu zen Arrieta
Suitzan jokatuko den Ziklo-kros Mundialean aritzeak ginda jarriko dio uhartearrak lohian egin duen primerako denboraldi honi. Gaur egun, Ziklo-Kroseko junior mailako munduko errankinean 11. tokian dago Igor Arrieta. Mundiala prestatzeko, asteburuan Munduko Koparako baliagarria den 8. lasterketan aritu zen, Frantziako Nommay hirian jokatutakoa, junior mailan. Thibau Nys izan zen txapelduna, eta Igor Arrieta 19. tokian sartu zen helmugara, bi minutura. Ongi doa Dübendorfeko prestakuntza.