Ziklo-krosa

Espainiako Ziklo-kros selekzioak Mundialetarako zerrenda argitaratu du

Guaixe 2020ko urt. 29a, 11:19

Igor Arrieta, ilbeltzaren hasieran Pontevedran Espainiako Ziklo-kros Txapelketa irabazi zuenean.

Igor Arrieta Lizarraga uhartearra dago junior mailako zerrendan

Asteburuan Suitzako Dübendorfen jokatuko diren Munduko Ziklo-kros Txapelketan arituko diren txirrindularien zerrenda argitaratu du Espainiako Ziklo-kros selekzioak. Jakina zena konfirmatu du Espainiako Txirrindularitza Federazioak: Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta Lizarraga da  Ziklo-kros Mundialetan aritzeko aukeratutakoenetako bat. Uharte Arakilgo txirrindulariak Aitzol Sasieta, Alain Suarez, Sergio Carrasco eta Miguel Diaz eta Lucia Gomez, Ainara Albert eta Maria Parajon izango ditu taldekide junior mailako Espainiako selekzioan. 

Espainiako selekzioko gainontzeko partaideak ondokoak dira: Felipe Orts eta Kevin Suarez eta Lucia Gonzalez, Aida Nuño eta Paula Diaz elite mailan; eta Ivan Feijóo, Jofre Cullell, Carlos Canal, Xabier Murias eta Sofia Rodriguez, Irene Trabazo, Paula Suarez eta Sara Bonillo 23 urtez azpian. 

Mundialeko esperientziaz gozatu
Gizonezkoen junior mailako lasterketa igandean jokatuko da, otsailaren 2an, goizeko 11:00etan hasita. Bertan ahalik eta lan onena egiten saiatuko da Igor Arrieta. Uhartearra Espainiako Ziklo-kros txapelduna da, eta Ziklo-kros Mundiala prestatzeko duela bi asteburu Munduko Kopako 8. lasterketan aritu zen, Nommayn (Frantzia).19. tokian sailkatu zen Arrieta, Thibau Nys txapeldunetik bi minutura. Mundialetan aritzea esperientzia handia izango da Arrietarendako, eta ilusio handia duela eta pozik dagoela adierazi du. “Nire asmoa lasterketan ahalik eta hobekien ateratzea eta egoki kokatzea da; finean, guztia eman eta ahal dudana egitea. Mundialean aritzeko esperientziaz gozatzea” azaldu digu Igorrek.