Igor Arrieta

“Mundialean espero nuen lasterketa ez zen atera, baina egindakoarekin pozik nago”

Maider Betelu Ganboa 2020ko ots. 7a, 11:08

Igandean Munduko Ziklo-kros Txapelketako juniorren lasterketa jokatu zen, eta trabak eta erorikoak tarteko, 40.a sailkatu zen uhartearra

Asteburuan Munduko Ziklo-Kros Txapelketa jokatu zen Suitzan, Dübendorfen. Gizonezkoen junior mailako proba igande goizean jokatu zen eta bertan aritu zen Igor Arrieta Lizarraga uhartearra, Espainiako selekzioarekin. Aitzol Sasieta, Alain Suarez, Sergio Carrasco eta Miguel Diaz izan zituen taldekide. Bezperako euriak zirkuitua are gogorrago bilakatu zuen eta lasterketa gorabeheratsuan Belgikako selekzioko Thibau Nys txirrindularia gailendu zen, ikusgarri aritu eta gero (38:50). Igor Arrieta uhartearrak irteera ona egin zuen baina lehen bihurgunean aurrean zegoen txirrindularia erori zen, eta trabatuta, bidea itxia zuela geratu zen uhartearra; eta postu asko galdu zituen. Hirugarren itzulian postuak erremontatzen hasi zen eta nahiko aurreratu zituen, baina erorikoren bat tarteko, azkenean 40. postuan iritsi zen helmugara, 5 minutura, Espainiako selekzioko taldeko lehena. 

Zenbat egun eman dituzu Dübendorfen?
Ostiralean joan ginen eta hiru egun eman nituen Mundialean, igande gauean itzuli bainintzen etxera. Larunbatean zirkuitua nahiko ongi zegoen, baina larunbateko probak jokatu ondoren, gau osoan euria egin zuen eta iganderako zirkuitua erabat aldatu zen, guztia lokaztua zegoen. Junior mailako lasterketan 70 txirrindulari inguru aritu ginen. 

Nolakoa izan zen lasterketa?
Hasiera nahiko ona egin nuen, baina lehenengo bihurgunean nire aurrean zihoan txirrindularia bota egin zen, berarekin oztopatu egin nintzen eta moztuta gelditu nintzen, trabatuta. Hor postu batzuk galdu nituen. Hurrengo bueltan akatsen bat egin nuen, pare bat aldiz erori nintzen, jende askok aurreratu zidan eta nahiko atzeratu nintzen. Hirugarren bueltan, erremontatzen hasi nintzen, postuak hobetzen, baina belaunean kolpea hartu nuen eta, azkenean 40. postuan iritsi nintzen helmugara, eta alde horretatik pena daukat, baina beno…Nys irabazletik 5 minutura sartu nintzen, Espainiako selekziotik azkarrena. 

Thibau Nys txapeldunak fenomeno hutsa dirudi…
Bai, fenomeno hutsa da. Hemendik kanpo ziklo-krosean sekulako maila dago. Lasterketa guztietan nabaritzen da hori, eta Mundialetan gehiago. 

Egindakoarekin kontentu zaude?
Zirkuitua nahiko gogorra zen, lokatzean itsasita bezala gelditzen zinen, ia ez zenuen aurreratzen. Eta esperientziarekin orohar kontentu nago. Ez da atera espero nuen lasterketa, baina egindakoarekin pozik nago. 

Ziklo-kros denboraldia bukatuta, balantze positiboa egingo duzu, ez? Espainiako txapelduna, Nafarroako txapelduna, Euskal Herriko txapeldunordea, Mundialetan aritzea…
Bai, ziklo-kroseko aurtengo denboraldiaren balantzea positiboa da. Denboraldi ona izan da, ia lasterketa guztiak irabazi ditut, eta nahiz eta Mundialean lan hobea egin ahal izan, pozik nago. 

Aurki errepideko denboraldia hasiko da, ezta?
Oraindik ez dakit ziur noiz hasiko den, baina otsailaren bukaeran edo martxoaren hasieran izango dugu lehen lasterketa. Helburua joan zen urtean bezala ibiltzea da, ondo aritzea, eta selekzioarekin ahal diren lasterketa guztietara joan eta lan ona egitea. Iaz Europako Txapelketan eta Mundialean aritu nintzen, ea aurten era posiblea den.

Erlazionatuak