Dantza ikasteko entseguak ere antolatu dituzte. Hilaren 21ean, ostiralean ospatuko dute herri-ihotea, hurrengo egunean hiri-ihotea izanen da.
1. Herrixka galduen dantza. Zein herrixkei egiten die erreferentzia dantzaren izena?
Inguruan zeudenak, eta Erdi Aroan galdu zirenak Uharte Arakil hiribildu berria sortzeko. Oker ez banago, Uharte barne, 12 herrixka ziren gaur egun ezagutzen dugun Uharte Arakil osatu zutenak.
2. Zergatik herrixka horien dantza bidezko aipamena?
Azken urteetan Uharteko inauteria nahikoa arrunta izaten ari zen. Herri-ihotea berreskuratu nahian informazioa biltzen hasi ginen. Arazoa izan genuen: jendeak ez zekien gauza handirik, eta liburuetan ere ez dugu gauza handirik opatu. Uharteko ihotea galduta zegoen, adinekoek ez zuten ezer oroitzen. Eta berreskuratu beharrean zerbait berria asmatzeko aukera planteatu genuen. Ibarreko ohitura eta dantzetan oinarrituta dantza hau sortzea erabaki genuen. Eta Herrixka galduen dantza izena eman genion, nolabait, topaketa hori irudikatzeko: nola bildu ziren herrixkak gaur egun daukagun herria osatzeko.
3. Zeinek sortu du dantza?
Galtzorratzen musikari eta dantzari paregabeak dauzkagu. Andoni Gastaminza akordeoilariak melodia asmatu zuen. Doinua itsaskorra da oso. Iñaki Retegik eta Xabier Gonzalok asmatu zuten dantza. Guztia Galtzorratzen barrukoa izan da. Duela hiru urte hasi ginen, eta pitteka lekua egiten ari da.
4. Nolako dantza da?
Erraza, jendeak arazorik gabe ikas dezan. Su handi bat pizten da, Liserigeitz popina harrapatzen dugu, erretzeko, jendean inguruan biltzen da, korrontxo handi batean eta bikoteka dantzatzen du. Biribilketa moduko pauso batzuk ditu eta baltse zati bat. Aurreneko urtetik harrera oso ona izan zen. Ttanttaka bada ere, gero eta jende gehiago animatzen da dantza egitera. Polita da.
5. Dantza ikasteko saioak antolatu dituzue, ezta?
Ihoteen aurretik bizpahiru entsegu antolatu ditugu, jendeak ikas dezan. Asteazkenetan, 19:00etan, Alondegian.
6. Zein musika tresnaren doinura dantzatzen duzue?
Soinuarekin eta perkusioarekin, tinbala eta kutxa. Joan den urtean trikitixa bat sartu genuen. Ez dago batere itxita. Moldatu daiteke. Gure helburua da jendeak parte hartzea. Esaterako, txistulari bat etortzen bada, moldatu daiteke. Ez du zertangatik berdin-berdin errepikatu beharrik.
7. Noiz dantzatuko duzue dantza hori?
Herri-ihotea 21eko arratsaldean ospatuko da, eta bukatzeko dantza izanen da, 20:00etan. Ondoren auzatea izanen da.
8. Herri-ihoteak indartzeko saio baten parte da dantza, ezta?
Bai. Aurretik izan zen beste talde bat izan zen ihotea ikertu zuena, helduekin hitz egin zuena. Haiek ondare txiki bat utzi ziguten. Guk hura jaso dugu, eta barneratu nahian egitaraua egin dugu. Popina eta dantza asmatu ditugu. 17:00etan hasiko da egitaraua, txikitxoendako gozo-eltzeekin; 18:00etan txokolate-jana egonen da, plazan. 19:00etan kalejira abiatuko da, fanfarrea eta zanpanzarra aterako dira. Eta lortzen ditugun pertsonaia guztiak. Inguruko mozorroak egiteko animatzen ari gara jendea: momotxorroak, mamuxarroak, Ziripoten bat… Denon artean kalejira egin. Herriari buelta eta, despeditzeko, popina erre, dantza, auzatea eta gero, gerokoak.
9. Mozorro tailerrak ere antolatu dituzue, zergatik?
Asteazkenetan, 18:00etan, Alondegian; dantza entseguen aurretik. Mozorroak egiteko osagaiak eskuratu ditugu: zakuak, zintak… Jendeak bere mozorroa egin dezan antolatu dugu. Askotan ez delako erraza mozorro horiek egiteko halakoak bilatzea. Mozorroa egiteko jendea etortzera animatzen dugu!
10. Uharte Arakilgo inauterian herri-ihoteak zein toki du?
Larunbatean nahi duen mozorroa jantziko du, libre. Gaur egun komertzialagoa den inauteri hori 22an ospatuko da. Alondegian bazkaria egonen da eta 18:30ean beste kalejira bat.
11. Galtzorratzek zenbat urte darama herri-ihoteen antolaketan?
Hirugarren urtea da. Aurretik saiakera batzuk egon dira aurretik, baina ez dira herrian errotu. Hau beste saiakera bat izanen da. Eta espero dugu zerbait polita egitea, jendeak ongi hartzea eta parte -hartzea gurekin. Eta heldu direnurrengo urteetan eginen den gauza bat izatea. Gogotsu gaude. Iruditzen zaigu zerbait oso polita dela. Pena ematen digu galtzea. Askotan joera da mozorro erraz bat egitea. Aurreko urteetan, esaterako, dantza spidermanez, zonbiez-eta betetzen zitzaigun. Polita da, jendearen parte-hartzea delako. Baina gehiago bereizi nahi genuen herri-ihotea dena eta inauteri komertziala dena. Horregatik, aurten egun desberdinetan ospatzea sustatu dugu, jende askok bietan gustura parte hartuko duelako.
12. Nortasun bat sortzeko?
Bai. Gure ustez inauteria da gauza bat gure Euskal Herrian oso errotua dagoena, eta zaindu beharrekoa dena. Gure izaera, gure sustraiak ere hor daude ere. Gauza horiek mantendu behar dira.
13. Herrixka galduen dantzaz aparte, Uharte Arakilek berezko beste dantzaren bat du?
Uharteko zortzikoa, sanjuanetan dantzatzen dena. Galduta egon zen dantza bat da. Duela 15 urte inguru berreskuratu zen. Ezusteko handia izan zen, konturatu zirelako letra eta guzti zeukala. Hiru emakumezkori esker (zenduak) lortu zen berreskuratzea: doinua eta letra atera zen. Geroztik urtero dantzatzen da sanjuanetan.