Uharte Arakilen kintaden eguna duela bi aste ospatu bazen ere, aurtengo kintoek euren ospakizuna atzo hasi zuten. Hiru dira aurten kintoak Uharte Arakilen: Izai Herrador, Amets Oteiza eta Igor Arrieta. Pelukak, trapu zahar eta baserritar itxurako jantziak soinean dituztela eta bonboa aldean dutela, nabarmena izanen da haien presentzia. Atzo Motxalen bazkaldu zuten Amurgingo bidea hartu eta baserrietan eskean ariko dira. Hango kinto-eskea despedituta Itxesia auzoko goiko aldean segituko dute jardun berarekin. Harik eta afaltzeko garaia iritsi, afaldu eta parranda egin arte.
Gaur Txomin tabernan gosalduko dute etxez etxeko eskearekin hasi aurretik. Itxesia auzoan eskatzez bukatuko dute eta herrian segituko dute. Motxalen bazkalduko dute eta arratsaldean herri-ihotea ospatuko denez, harekin bat eginen dute kintoek. Anaiak tabernan afaldu ondoren parranda eginen dute. Bihar, berriz, Itxesia tabernan gosalduko dute eta falta diren etxeetatik pasako dira ondoren kinto-eskean. Motxalen bazkalduko dute eta handik aterata herri-ihote ospakizunarekin bat eginen dute. Hiru kintoekin batera, Anaiak tabernan afaltzera kinto gazteak eta kinto zaharrak elkartuko dira, hamabosten bat. Kinto ospakizunek irauten duten bitartean hiru kintoek udalak utzitako mojen etxean lo eginen dute.