Udalak segurtasunagatik Araquisa itxi du

Guaixe 2020ko mar. 10a, 10:43
Enpresako ateetako bat itxita. Argazkia: www.uhartearakil.com

Lantegia zena zabalik zegoen eta arriskutsua zen. Jabe den bankuari hura ixteko eskaera egin zion udalak, baina erantzun ez duenez, subsidiarioki itxi du; gero faktura pasako dio.

Geltoki kalean dago, pasako tokian, eta etxez inguratuta. Metalurgicas Arakil SA enpresa, edo Araquisa azken krisiarekin itxi zituen ateak. Hartzekodunen-konkurtsoan sartu zen enpresa eta lantegia banku baten esku gelditu zen. Ordutik pabiloiak utziak daude. Fundizioko areak eta bestelakoak daude barruan. Teilatua uralitazkoa (amiantoa) da. Haizeteak teilatu zatiak aldameneko larreetaraino eraman izan ditu. Gainera, behin baino gehiagotan gaztetxoak teilatuan ibiltzen ikusi dituzte. Pertsonaren baten bizilekua ere izan zen aldi batez. 

Arriskua ikusita, eta ezbeharren bat gertatu aurretik, Uharte Arakilgo Udalak Araquisa zena ixtea erabaki zuen. Jabe den bankuak lan horiek ez zituenez egin, subsidiarioki itxi zuen udalak. Hau da, lanen faktura bankuari pasako dio.