2020ko festa 'berriak'

Sanjuanik gabe, sanmigelen zain

Guaixe 2020ko eka. 1a, 09:42
Herri bazkarirako mahaia prest.

Uda hasierako festak bertan behera utzi ditu udalak eta uda akaberakoak osasun egoeraren arabera erabakiko du. 

Udako solstizioarekin batera festak izaten dira Uharte Arakilen, aurten garagartzaroaren 19tik 22ra eta 23an eta 24an ospatzekoak zirenak. Baina COVID-19 gaixotasunak sortutako osasun larrialdiagatik udalaren egitaraua bertan behera gelditu da. “Egin beharreko kontratazioak daude, herriko dantzariek entseatu behar duten jakin behar dute, erraldoi konpartsak atera behar duen… Osasun neurriak bermatzen ez badira, ezin da. Horregatik, maiatzaren 18an erabaki genuen bertan behera uztea”. Txomin Uharte Baleztena alkatearen azalpenak dira. 

Uda akaberan uhartearrek sanmigelak ospatzen dituzte. Aurten irailaren 25etik 27ra eta 29an aurreikusi du udalak egitaraua. Baina festak eginen diren edo ez hilabete edo hilabete eta erdi lehenago erabakiko du udalak. Uharte Arakilen badira herritarrek antolatzen dituzten beste ospakizun batzuk, Artzain Eguna esaterako (agorrilak 30). “Udalak antolatzaileei eskatuko die osasun baldintzak betetzea eta haiek bermatzea”, azaldu du alkateak.