Autokarabanendako gunea irekita

Guaixe 2020ko mai. 29a, 11:10
Uharte Arakilgo autokarabanendako gunea. Artxiboa

Ostegunaz geroztik erabilgarri dago, baina hainbat neurri hartzea derrigorrezkoa da.

Koronabirusak eragindako osasun alarma egoeragatik itxi zuen Uharte Arakilgo Udalak autokarabanendako gunea. Itxesia auzoan dagoen turismo azpiegitura ostegunaz geroztik erabilgarri dago atzera ere. Hala ere, erabiltzaileek derrigorrez hainbat neurri bete behar dituzte, “gure burua zainduz ingurukoak zaindu ditzagun”. 

Hasteko, parkimetroa erabiltzeko esku larruekin edo ukitu baino lehen eta ondoren gel hidroalkoholikoa erabili behar da. Bestetik, legeak ezarritako osasun neurriak betetzea ezinbestekoa da: 2 metroko gutxieneko distantzia, maskararen erabilera… Otorduak autokarabanen barruan egin beharko dituzte. Ohi bezala toldo edo mahaiak ateratzea debekatuta egonen da eta autokarabanen guneko eremu komunak ez dira erabilgarri egonen (egurrezko mahaiak, erdiko eremua...). Horretaz aparte, dutxa eta aldagela zerbitzua ez dago. Bestetik, gunearen erabiltzaileek  hondakin guztiak, ongi bilduta, dagokien zaborrontzian bota behar dituzte.