Aralar Mendi Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak jakinarazi duenez, aurten ez da Artzain Eguna ospatuko. Artzainak omendu eta artzaintza goresteko ospakizuna agorrilaren 30erako aurreikusia zuten. Besteak beste, Nafarroako Ardi latxen esne gordinarekin egindako 39. gazta lehiaketa eta Nafarroako Artzai Txakurren 53. lehiaketa antolatua zeuden. Baina COVID-19 gaixotasunak sortutako egoeragatik zuzendaritzak erabaki du 53. edizioa bertan behera uztea.
Antolakuntzako kideek adierazi dutenez, “sentitzen dugu albiste honen berri eman behar izatea, baina ez dugu zalantzarik ulertuko duzuela. Bide batez, jakinarazpen hau 2021eko Artzain Egunerako gonbidapen gisa hartu dezazuen espero dugu”.