Jose Luis Arrieta

“Aurten ditugun anbizioak ezberdinak dira”

Maider Betelu Ganboa 2020ko uzt. 24a, 14:13

Argazkiak: Movistar Team.

 Txirrindularitza profesionalen denboraldia hastear dago, eta Movistar Team taldearendako etorkizunerako ikaskuntza garrantzitsua izango da aurtengoa. Mas eta Valverde dira Tourrerako eta Vueltarako apustuak, eta Soler Girorako apustua

 

Igor semea Espainiako junior mailako txirrindularitza selekzioaren Alcoyko kontzentrazioan uztetik bueltan zetorrela hitz egin genuen Movistar Team taldeko kirol zuzendari Jose Luis Arrietarekin, uztailaren 13an. Hastear dagoen aurtengo txirrindularitza denboraldi bereziaz patxadaz aritu zen. Uhartearrak txirrindularitza profesionalaren zirrikitu guztiak ezagutzen ditu, baina aurtengoa bezalako egoerarik ez du bizi. Tropelean oso ezaguna, hasieran txirrindulari gisa eta egun kirol zuzendari gisa, bere iritziek errespetua sortzen dute. Jose Luis Arrietak (1971, Uharte Arakil) 1993 urtean debutatu zuen profesionaletan, Banesto taldearekin. Ondoko taldeetan ibili zen txirrindulari: Banesto (1993-2000), ibanesto.com (2001-2003), Illes Balears (2004-2005) eta Ag2r Prévoyance (2016-2010). Bizikleta utzi bezain pronto, kirol zuzendari bezala debutatu zuen 2011n, Movistar Team taldean, eta bertan jarraitzen du. Guztira 22 urte talde berberean, txirrindulari eta kirol zuzendari. Ez da txantxa. 

Emirerri Batuetako UAE Tourra izan zen COVID-19 birusak galarazi zuen lehendabiziko kirol ekitaldietako bat, otsailaren 27an bertan behera geratu baitzen proba, birusarengatik. Martxoaren erdialdean, txirrindularitza munduan, gertu ikusten zenuten hona iritsi zena?
Nik uste dut birusa toki bakoitzera heldu ahala hasten garela kezkatzen. Txinan gertatzen ari zenaren larritasunaz ez ginen jabetzen, eta birusa hona iritsi zenean, konturatu ginen norainokoa zen kontua. Muturreko konfinamendu bat egin behar izan da.  

Denboraldi guztiko planifikazioa pikutara eta konfinamenduan, txirrindularitzaren buelta noiz izango zen jakin gabe.
Egoera berria zen, eta egoera aldatu ahala atera behar izan dugu aurrera. Egunero, astero… aldaketak daude, eta aldaketa horiei unean egokituz gabiltza martxan. Konfinamenduarekin ere horrela izan zen. Hasieran hilabeteko kontua izango zela zirudien, gero martxan hasiko ginela, gero bi hilabete izango zirela… eta bitartean jendea urduritzen hasia zen. UCIk egutegia moldatu, eta lasterketen data berriak eman zituztenean, giroa lasaitu egin zen; eta denboraldia epe luzeago batera planifikatu ahal izan genuen, nolabait “normaltasunera” itzuli, beti ere kakotxen artean, Tourrera eta gainontzeko itzuli handietara prestakuntza egokiago batekin heltzeko. Birusaren berragertze edo agerraldien menpe gaude, baina, behintzat, nolabaiteko “normaltasun” batera itzultzen. 

Txirrindularitzan taldea egitea funtsezkoa da, eta horretarako ezinbestekoak dira taldekako entrenamenduak, kontzentrazioak eta beste. Konfinamenduan talde bilera birtualen bidez saiatu zineten harreman hori sustatzen?
Denboraldi arrunt batean gehiago egoten gara elkarrekin, baina, hala ere, laguntzaile teknikoen edo staffa osatzen dugunon artean bideokonferentziak egiten ditugu. Konfinamenduan, staffeko kideen bilerez gain, astean behin (eta batzuetan bitan) txirrindulari guztiekin bideokonferentzia egiten genuen. Horretaz gain, modu indibidualean hitz egiten genuen txirrindulariekin, nola zeuden ikusteko edo edozein zalantza argitzeko. Heldu den astean (aste hau Andorran egongo gara kontzentratuta, Pirinioetan) ohiko harremana berreskuratuko dugu; nolabait lasterketen aurretiko errutinara bueltatuko gara. 

Nola daude txirrindulariak? 
Susmoa daukat konfinamenduko tarte batean estutzen eta kezkatzen hasi zirela. Pentsa, lorategia duen etxe bakar batean biziz gero, kanpora atera zaitezke; egun argiak poztu egiten du, indarra ematen du. Baina apartamentu batean biziz gero, egunero arrabolan entrenatzen aritu beharra. Konfinamendua luzatzen da, eta ezin bazara kalera atera, azkenean buruari bueltak ematen hasten zara. Eta kirolari batek, gehiago. Ez dakizu noiz izanen den itzulera, zein izango diren denboraldiko  helburuak, taldeak berrituko ote zaituen… eta egoera gogorra egiten da. Dena den, egoera aldatu da: bi hilabete inguru dira txirrindulariak kalean entrenatzen hasi zirenetik, badakite egin beharreko lasterketa edo helburuak zein izango diren, lehiaketan hasteko gertu eta gogotsu daude, ilusioz gainezka, denboraldiak zer ekarriko duen eta ezarritako helburuak nola bete daitezkeen aztertzen gogotsu. 

Geldialdi honen itzuleran lesioak izateko beldur zarete?
Ez. Gure kirola ez da kontaktuzko kirola, futbola edo kontaktuzko beste kirol bat izan daitekeen bezala. Gure kasuan, akaso txirrindulariak ez dira aurreko denboraldietan bezalako prestaketa bikainarekin helduko, tartean aldaketak egon direlako. Gure denboraldia azaroan hasi zen, txirrindulariak azaroan hasten baitira datorren denboraldia prestatzen, eta ordutik egin dutena hor dago metatua. Sasoitsuago edo ez horren sasoitsu egon daitezke, gutxiago edo gehiago transmititu; baina lesioen arrisku hori ez du gure kirolak, kontaktuzkoa ez delako. 

Euren herrialdeetan izan duten konfinamenduaren arabera, txirrindularien prestaketan aldaketak egon daitezkeela uste duzu?
Ez dut uste hori nabarituko denik, kalean entrenatzeko aukera izan dutenetik lehiaketa garrantzitsuak hasi arte, nahikoa tartea dagoelako behar bezala entrenatzeko. Nik uste dut horrek ez duela ezberdintasunik ekarriko. 

Uztailaren 28an bueltatuko da txirrindularitza profesionala, Burgosko Itzuliarekin. Ondoren Milan-San Remo, Dauphiné Criteriuma eta beste jokatuko dira, abuztuaren 29tik irailaren 20ra bitartean jokatuko den Frantziako Tourraren atari. Movistar Team taldean Enric Mas eta Alejandro Valverderen aldeko apustua egin duzue Tourrerako eta Espainiako Vueltarako. 40 urte ditu Valverdek. Hasteko gogotsu dago?
Valverde mutiko bat egina dago, egunero ilusionatuta dago (kar, kar…). Finean, Enric Masen aldeko apustua egin dugu, gaztetasunaren aldeko apustua. Enric etorkizunerako proiekzio gehien duten txirrindularietako bat da Espainian. Alejandrok sekulako lasaitasuna emango dio, baina Alejandrori ezin diogu urtero ardura guztien zama gainean jarri. Alejandro hor egongo da, ziur; hor dago beti, baina 40 urterekin ezin diogu beti taldea salbatzea eskatu. Aurten Enric egongo da Tourrean, Alejandroren babesarekin, eta ea zer moduz ateratzen zaigun. Aurten ez dugu izango joan den urtean Nairorekin eta Landarekin genuen ardura puntu hori; ditugun anbizioak ezberdinak izango dira. Enric gaztea da, oraindik lasterketa bera gehiago ezagutu beharra duen txirrindularia. Badago astia. 

Presioa gainetik kentzean, lasaiago aritu zaitezkete. 
Bai, baina presio hori ez izateak ez du esan nahi Tourrera erlaxatuak joango garenik. Tourra munduko lasterketarik onena da, munduko erakusleihorik handiena, eta han edozein gauza goratu edo handietsi egiten da. Gu beti anbizio handikoak gara, bestela ez ginen lehiatzen ariko, baina hautagai argia zarenean lasterketen une konkretuetan duzun presio edo ardurarik gabe. 

Beraz, Tourrean beste helburu batzuk izango dituzue, tartean Masek ikastea. Aurtengoa  trantsizio urte moduko bat izango da zuendako?
Trantsiziozkoa ez da izango. Esperientzia hartu eta ontzeko urtea izango da aurtengoa. Emaitzei dagokienez, ez dakigu. Lehen esan dudan bezala, anbizioa dugu. Lehiatuko gara, eta gero ateratzen dena aterako da. Eta nahiz eta sailkapen bat edo emaitza on bat ez atera, etorkizunerako ikaskuntza garrantzitsua izango da aurtengoa. Horiek dira betetzeko ditugun helburuak. Etorkizunerako ikasteko helburu horrek ez du esan nahi anbizioa ez dugunik eta horren barruan egun batean emaitza bat lortzea edo ez; esperientzia bat da, plus bat duena. 

Zuretzat zein da aurtengo Tourrerako faborito nagusia?
Nik beti esaten dut: irteera gunean baldin badago, faborito nagusia aurreko urteko irabazlea da,   Egan Bernal kasu honetan. Nire ustez, hautagai garrantzitsuena da. 

Urte berezi honetan baliteke zenbait talderen jarraipena kolokan egotea. Uste duzu horrek txirrindulariak euren balioa erakustera bulkatuko dituela, gehiago arriskatuko dutela eta lasterketak arriskutsuagoak izango direla?
Uste dut Tourra zorrotza dela eta berez nahikoa tentsioa duela erorketak eta bestelakoak gertatzeko. Horregatik, antzeko egoera izango dela pentsatzen dut. Guztiak jakitun gara aurten Tourra bera jokatzea eta Tourrean aritzea erakusleiho garrantzitsua izango dela, eta urte berezi honetan babesle gehienak soilik horrekin gustura geratuko direla. Urtero kirol taldeen berrikuntzak eta babesletza aldaketak gertatzen dira, Tourra pasatu arte ez dira gauzak guztiz ixten; baina aurtengo datak kontuan hartuta, txirrindulari gehienak lanak eginak iritsiko dira Tourrera, edo bestela Tourra euren azkeneko kartutxoa izanen da. Nolanahi ere, nik uste dut Tourra jokatzen bada babesletzak salbatuko ditugula. 

Noizbait zalantzan jarri zenuen Frantziako Tourra eginen zela? Edo argi duzu, nola edo hala Tourra jokatuko dela?
Oraindik ez dut argi jokatuko den. Oso argi dudana da aurrera egiteko gaitasuna duen lasterketa bat baldin badago, hori Tourra dela. Taldeok Tourra aurrera ateratzeko apustua egin dugu, baina esaten dizut, gaur egungo egoera ikusita… Duela gutxi Frantzian egon nintzen, eta jende guztia oporretara zihoan halako normaltasun batekin, sekulako trafiko pilaketak zeuden… eta horrek hemendik hilabete batera zer gertatuko ote den zalantza sortzen du. Hona etorri, eta han eta hemen birus agerraldiak daude, eta ez dakigu egoera nola garatuko den. Horregatik guztiagatik, zalantza dut, baina guztia aurrera ateratzeko gai den antolaketa bat baldin badago, Tourrekoa da. 

Tourraren ondotik Italiako Giroa eta Vuelta datoz, Giroan Marc Solerren alde egin duzue apustua. 
Orain arte Giroa egiten zuen txirrindulariek, nahi izanez gero, Tourra egin zezaketen, edo Giroa eta Vuelta; baina aurten Giroa egiten duen txirrindulariak ezin du Vuelta egin. Gure taldearen helburua itzuli handiak dira, eta bi aukera genituen: liderrekin guztia Tourra eta Vuelta egitera apustua egin, ;edo liderrak bereizi, eta liderretako bat Girora eraman, soilik itzuli handi bat egin ahalko zuela jakitun izanda. Liderrekin hitz egin genuen, eta Marcek ez zuen gaizki ikusi. Hortaz, Marc Girora lider joango da. Ea zer moduz ateratzen den. Eta beste bi liderrekin, Enric Masekin eta Alejandro Valverderekin, Tourra eta Vuelta egingo ditugu. Nire egutegiari dagokionez, Tourra eta Vuelta egingo ditut, eta Dauphinén ere ariko naiz. Tourraren eta Vueltaren artean beste lasterketaren bat ere gehiago egingo dut. 

Espainiako Vuelta urriaren 20an hasiko da Irunen, eta azaroaren 8an despedituko da Madrilen. Urriaren 21eko etapa etxean jokatuko da: Iruñean hasi, Urbasatik Olaztira jaitsiko da, Sakana zeharkatu, eta Uharte Arakilgo pistatik Aralarko santutegia igo eta gero, Lekunberrin despedituko da. Goitik behera ezagutuko duzu bidea, horrek abantaila ematen dizu?
(Kar, kar…) Txirrindulariak dira pedalak astindu behar dituztenak. 

Baina Uharteko pistako zirrikitu eta pitzadura guztiak ezagutuko dituzu; horrek zerbaitetarako balioko du…
Pentsatzen dut Nafarroako Gobernua pistaren egoeraren jakitun izango dela, eta konfiantza dut aurrekoan baino alde gehiagorekin txukunduko dutela guztia. Aurrekoan Vuelta Malagan zela oraindik ez baitzeuden pistako baimenak egunean, behar bezala. 

Etapa horrek ilusio berezia sortzen dizu?
Etapa horrek eta guztiek. Etxean zaude, eta, nahi eta nahi ez, horrek beti erakartzen du, baina itzuli handi batean guztia osotasunean hartzen duzu kontuan. Aralarko etapa garrantzitsua da Vueltan, baina egun garrantzitsu asko daude. Ongi egiten saiatzen zara, baina etxean egoteagatik ez dituzu lumak bertan utziko. 

Zure esanetara duzu Imanol Erbiti, Hiriberriko luxuzko txirrindulari laguntzailea. 15 urte daramatza taldean, eta ezinbesteko talde-gizona da. Harreman estua izango duzu berarekin, ezta?
Imanolek profesionaletara salto egin zuenetik ezagutzen dut. Askotan elkarrekin entrenatzen ginen, eta primeran ezagutzen dugu elkar. Movistar Team-en kirol zuzendari hasi nintzenetik sekulako feelinga dut berarekin, badakizu zer esan behar diozun, nola, berak ere pentsatzen duena esaten du… erlazio “bereziagoa” dut berarekin elkarrekin horrenbeste bizi eta konpartitu ez dudan beste txirrindulariren batekin baino. Imanol ongi dago. Urte honetako zorigaitzen kopurua bete du: jasotako kolpe baten ondotik furunkulu antzeko bat izan zuen; konfinamenduaren ondotik erorikoa izan zuen, baina osatu zen; eta egun Andorran dago taldearekin, Pirinioetan entrenatzen. Printzipioz Tourra eta Vuelta eginen dituen txirrindularietako bat izanen da. 

Osasun krisiak krisi ekonomikoa ekarri du berarekin. Movistar Team taldean lasai zaudete? 
Tarte honetan talde askotan soldatak murriztu dituzte, eta zenbait taldetan murrizketak egon dira geldirik egon garen tarte honi eutsi ahal izateko. Gu egoera berberean gaude; guretako ez da ezer aldatu. Babeslea kontentu dago, eta lasaitasuna transmititu digute. Hori da gaur egun esan dezakeguna. Ezin gara kexatu, atzetik bere babesa eman digun etxe bat dugu, eta eskertzekoa da. Beraz, alde horretatik lasai gaude gauzak behar bezala egiten jarraitzeko, bere prozesua jarraituz eta behar duen norabidean. Ea gero gauzak ongi ateratzen zaizkigun. 

Tourra da erregea, argi dago; baina zuri gehien gustatzen zaizun proba da?
Tourra Tourra da. Lasterketarik garrantzitsuena da, baina ibilbideari dagokionez, eta paisaiak kontuan hartuta, txirrindularia nintzenetik beti esan dut gustukoen dudan lasterketa Italiako Giroa dela, Dolomitak bereziki. Alpeak dirudite, baina ezberdinak dira. Ikusgarriak dira.

Aurtengo denboraldia, ongi bidean, geroago bukatuko da. Hortaz, datorrena, 2021ekoa, geroago hasiko da? Edo ilbeltzean, beti bezala?
Aurtengo denboraldia normal badoa, eta egoera normaltasunerantz badoa, pentsatzekoa da 2021 denboraldia betiko moduan hasiko dela, Australian. Hori da gaur egunera arte dakiguna. Kontuan hartu behar da Olinpiadak jokatuko direla, eta horrek Tourreko datak eta gainontzeko proben egutegia ere moldatzen dituela. 

Koronabirusak ez gaitu utzi. Birusaren agerraldiak daude han-hemenka. Oraindik ez dago txertorik… uste duzu 2021 denboraldia normal hasteko moduan egongo garela?
Nik 2021denboraldia normal hastea bideragarria ikusten dut, 2020 denboraldia aurreikusia dagoen bezala aurrera ateratzen badugu. Baina aitortu beharra dut zalantzak ditudala birusaren agerraldiak daudela ikusten dudanean, batetik, kontsumoa bulkatzea eta oporretara joatea sustatzen denean, eta, bestetik, birusaren aurrean neurriak hartzea eskatzen denean… Hori inkongruentzia hutsa da. Egia da duela 6 hilabete hartzen ez ziren neurriak hartzen direla orain, baina birusa bueltaka dabil, eta berriro aktibatuz gero, ez dakigu nolako tamainako agerraldiak izango diren eta egoerak aurretik izan genuen bezalako konfinamendu batera eramango gaituen. 


GERTUTIK
Nola pasa zenuen konfinamendua? Arraroa izango zen zuretzat denboraldian etxean egotea. 
Etxean lasai egon nintzen, egia esan. Ez da gauza bera etxean egon behar izatea lasterketak edo txapelketak jokatzen diren bitartean, edo guztia geldirik egotea. “Ea aste honetan zer gertatzen den”, “ea zein nobedade dauden”... halako kezkak kenduta, nahiko lasai. Babesleak lasaitasun mezua eman zigunez eta berdin jarraitu dugunez, horrek lasaitasun handia eman zigun. 

Etxekoei ere arraro egingo zitzaien zu etxean horrenbeste ikustea…
Baietz pentsatzen dut (kar, kar…) jada ipurdian ostiko bat emateko gogoa izango zuten…

Arrietatarren harrobiak aurrera jarraitzen du zure seme Igorrekin. Berarendako, guztiaren gainetik, zu bere aita izango zara, baina kirol zuzendari zaren aldetik aholkuak eskatzen dizkizu? 
Esan duzun moduan, lehenik eta behin, nire semea da, eta seme eta pertsona den aldetik adeitsua eta pertsona ona izan dadila. Hori da transmititzen saiatzen naizena. Errespetua izan dezala. Txirrindulari hobea edo okerragoa izango da, baina hori denborak esango du. 

Denborak, momentuz, zure semeaz oso ondo hitz egiten du…
Ikusiko dugu. Momentuz pozik dago, eta hori da garrantzitsuena. Junior mailako Espainiako selekzioarekin kontzentratuta utzi dut, eta pentsatzen dut abuztuan jokatuko diren Europako Txapelketak eta irailean jokatuko diren Mundialak prestatzen ariko direla, iaz lehiatu ziren taldearekin. Profesional mailako Europako Txapelketak eta Mundialak egingo dira, eta ikusteko dago ea beste urteetan bezala junior mailakoak egingo dituzten. 

Igor junior mailan dabil oraindik, eta bide luzea du aurretik, baina pentsa profesionaletara iristen dela eta beste talde batek fitxatu nahi duela. Semea zure taldera ekartzen saiatuko zinateke?
Hori beraren erabakia litzateke; akaso ez luke bere aitarekin aritzea nahi izango eta beste tokiren batean egotea nahiago luke.

Semea zuzentzea arraro egingo litzaizuke?
Ba, ez dakit, baina zuk jende guztia berdin tratatuz gero, ez luke arazorik egon beharko. Dena den, balizko egoera batez ari gara…

Eta txirrindularitzarekin aspertu dela eta utziko duela esango balizu, pena izango zenuke?
Ba, egia esan, ez dakit, baina horrela izan beharko balitz, horrela izan beharko luke; mundu guztia ez da txirrindularia, eta bizitzan aurrera egiteko beste baliabide batzuk izango lituzke. Bere erabakia errespetatuko nuke. 

COVID-19 birusak ekarri duen guztitik zerbait positiboa atera daitekeela uste duzu? 
Gizakiok garenak gara, eta ez gara aldatuko. Zer edo zer ñabartu gaitezke, baina ezer gutxi. Gauzak oso beltz ikusi ditugunean, guztiok pertsona hobeak izan behar ginela zirudien, baina askatasun pixka bat eman diguten hilabete eta erdi honetan ikusten duzu: jende askok ez du maskara erabiltzen (elkarrizketa maskara jartzea derrigorrezkoa izan baino lehen egin zen), eta hori da birusari jarri ahal diogun lehendabiziko frenoetako bat. Berekoiak gara; “niri gertatzen ez zaidan bitartean…” Hori da pentsatzen dugun lehenengo gauza, kontuan hartu gabe gure inguruan birusarekiko zaurgarriagoa edo ahulagoa den jendea dagoela eta neurriak hartu gabe geratuz gero, zailtasunetan jarri ahal ditugula. Horrek asko adierazten du gizakiok nolakoak garen.

Bestalde, hiri handietan bereziki, duela urte asko ikusi ez duten udaberria ikusi dute aurten. Natura hilabete bat lasai utzi dugu, eta guztiz ezberdin azaldu zaigu. Horrek zer pentsatua ematen du: hilabete bat geldituta arnasgune garrantzitsua eman diogu naturari, gehiegi esplotatzen dugun seinale.