Zuriñe Beltza Uharte Arakilgo Aralar Mendi elkarteko kidea da, eta Artzain Eguna antolatzeko lantaldean dago. Koronabirusak eragindako urte honetan, "pena handiarekin" festa bertan behera uztea erabaki zuten. Abuztuaren 30ean ospatu behar zen. "Festa nahiko handia da, eta egunean bertan lehiaketa asko daude. Ikusten genuen ez genuela ezertarako ziurtasunik". Etorkizunera begira jarri dira orain, "alde ona ikusi" nahi diote: "aurten, gure helburua hausnartzea izango da: zer egin dugun ikusi, zer egingo dugun pentsatu, eta gauza gehiago nola sartu pentsatu. Artxibo kontua ere hor dugu beti, ez dakigula eskua nola sartu. Hori ere landuko dugu".
Aralar Mendi elkarteak antolatzen du Artzain Eguna. "Bazkideok auzolanean egiten dugu. Gutxi gorabehera 280 bazkide gara, eta denborarekin jendea aldatzen joan da". Bazkideak ez ezik, herri osoa ere inplikatzen da eguna aurrera eramaten: "800 biztanle gara, eta ia 300 pertsonak parte hartzen dugu festan". Herriarendako oso festa garrantzitsua dela esan du Beltzak. "Lehenengo Artzain Egunean lehiaketa bakarra egon zen, Artzai txakur lehiaketa zegoen bakarrik. Gauza asko sortzen joan dira urte hauetan". Gaur egun, artzai txakur lehiaketa, gazta lehiaketa, ardi moztaileen lehiaketa, latxa arrazako esnearen lehiaketa…. "Asko daude". Eta hori guztia antolatu behar da.
Berrikuntzak
Aralar Mendi elkarteak zuzendaritza batzorde bat du, bi urtetik berritzen dena, eta nolabait elkartearen motorra dena. Artzai Eguna antolatzeko, horretarako "espresuki" bideratuta dagoen batzorde bat dago. Beltza 2014. urtean sartu zen elkartean eta festa antolatzeko batzordean. "10 pertsona gaude, eta ez da aldatzen. Boluntarioa da, eta konpromiso pixka bat gehiago eskatzen du". Hilabetero biltzen dira, eta apirilean hasten dira abuztuaren azken igandean ospatzen den festa prestatzen. "Hasieran ikusten ez diren lanak egiten ditugu: dirulaguntzak bilatu, babesleak…". Ondoren, lantaldeak sortzen eta jendea deitzen hasten dira. Orduan, astero biltzen hasten dira
53 urte pasa dira lehenengo Artzain Eguna ospatu zenetik, eta, beraz, normalena da belaunaldi aldaketa egon izana. "Gure asmoa izan da festa gehiago zabaltzea. Adibidez, teknologia berriak sartu ditugu, babesle gehiago bilatu ditugu eta gustuarekin egin dugu, beraiekin lan egiten hasi gara…". Sare sozialetan ere hasi dira azken urteetan, eta egunaren aurretik jardunaldiak ere egiten dituzte. "Artzaintzaren mundua eta Artzain Eguna gehiago zabaltzeko". Jendeak sare sozialetan egotea eskertzen duela aipatu du Beltzak. Egunean egiten diren omenaldiak ere "berritzen" saiatu dira, eta lehen "artzaintzarekin lotura zuen norbait hiltzen bazen, berari omenaldia egiten zitzaion. Orain, izango den hurrengoan jarri dugu fokua". Aurrera begira ari dira. Izan ere, Beltzak gehitu duenez, "denok ezagutzen dugu Artzain Eguna, denak egon gara, baina urtero zerbait berria izatea nahi dugu".
Artzaintza
Uharte Arakilek eta artzaintzak harreman zuzena izan dute "betidanik". Artzain Egunean, gainera, Nafarroako artzainen herria bihurtzen da. "Beraiendako festa eguna da. Urtean zehar dituzten jaiegun bakarrenetakoa da. Oso gustuko dute, eta egutegian markatuta duten eguna da". Oso garrantzitsua da. Artzain Egunean, gutxi gorabehera, 5000 pertsona hurbiltzen dira Uharte Arakilera. "50. urteurrenean gorena izan zen, eta 8000 pertsona izan ziren". Artzainendako ez ezik, Uharterendako egun oso handia da ere.
"Dudarik gabe, kolpe latza izango da". Alde batetik, ostalaritzak nabarituko du aurten ez dela Artzain Eguna izango, Beltzak azaldu duenez. "Egun hori oso garrantzitsua da". Bestetik, artzainendako ere, "dudarik gabe" zaila izango da. "Festa da, eta, gainera, feria eta azoka izaten dira ere. Ikusgarria da. Gaztaren feria dago ere, eta Nafarroako gazte hoberena aukeratzen da". Salmenta asko egiten dira bertan. Eguna ez ospatzeagatik inork ez duela "behea joko" aipatu du Beltzak, baina "oso garrantzitsua" dela gaineratu du.