Txirrindularitza

Igor Arrieta ongi Europako Txirrindularitza Txapelketan

Guaixe 2020ko abu. 31a, 14:00

Uhartearra 10. postuan sailkatu zen erlojupekoan eta errepideko proban 23. postuan iritsi zen helmugara, talde nagusian, erorikoa izan eta gero

Egunotan Europako Txirrindularitza Txapelketak jokatu dira Plouayn (Frantzia), eta Espainiako Junior mailako selekzioarekin aritu zen Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta. Aurreko astelehenean junior mailako erlojupekoa jokatu zen,  25,6 km-koa, eta Mathias Vacek txekiarra izan zen azkarrena (32:39), Marco Brenner alemaniarrari 3 segundo aterata (32:42). Espainiako selekzioko Juan Ayusok lan bikaina egin zuen eta 5. sailkatu zen (33:31) eta Igor Arrieta ere oso ongi aritu zen, 10. postuan sailkatzea lortu baitzuen (33:52), espezialista onenen parean eta erlojupekoko Top Ten-ean. 

Ostegunean juniorren mailako lasterketa gogorra jokatu zen (109 km) eta Uharte Arakilgo gazteak ez zuen zortea alde izan, eroriko batengatik moztua geratu baitzen, atzean. Hala ere, Arrietak lan handia egin zuen eta talde nagusiari batzea lortu zuen, ahalegin itzelaren ondoren. Juniorren txapelketa esprintean erabaki zen eta Andersen daniarra izan zen Europako txapelduna (2:38:28), Bittner txekiarraren eta De Lie belgiarraren aurretik. Juan Ayuso 7. postuan sailkatu zen, denbora berean, eta Igor Arrietak 23. postuan zeharkatu zuen helmuga, 3 segundora.