Igor Arrieta Lizarraga

"Europan aurrean egon naiz, eta horrek animatzen nau"

Maider Betelu Ganboa 2020ko ira. 4a, 11:13

Europako Txirrindularitza Txapelketatik bueltan, asteburu honetan Espainiako Junior Txapelketan ariko da aurtengo Nafarroako eta Euskadiko junior txapelduna den uharte arakildarra, Mintegi, Alberdi, Olaetxea eta Aznardarrekin batera

Larunbatean Europako Txirrindularitza Txapelketan aritzetik bueltatu zen Igor Arrieta Lizarraga uhartearra eta asteazkenean Mallorcako bidea hartu zuen Nafarroako selekzioko kideekin batera, tartean Aitor Alberdi, Mikel Olaetxea eta Iker Mintegi sakandarrak, asteburuan Espainiako Junior eta Master Txirrindularitza Txapelketan aritzeko. Denboraldiaren balorazio positiboa egin du uharte arakildarrak. 

Nafarroako junior selekzioan sakandarrak zarete nagusi.
Bai. Sakanako txirrindularitza taldeetatik Sakana Group-Aralar taldeko nire taldekide Aitor Alberdi, Mikel Olaetxea eta ni, eta Quesos Albeniz-Burundako Iker Mintegi altsasuarra eta Kortesekoak baina bere taldekide diren Unai eta Hugo Aznar gaude selekzioan. Azkenaldian elkarrekin aritu gara beti selekzioan, oso ongi. 

Denboraldi berezi honetan Lacturale Trofeoa irabazi zenuen, Nafarroako Txapelketan bigarrena izan ziren, baina lehen nafarra eta hortaz Nafarroako txapelduna zaitugu, Berriatuan Euskadiko Junior Txapelketa jantzi zenuen eta aurreko astean Europako Txapelketetan aritu zinen Espainiako selekzioarekin Plouyn (Frantzia). Europako Juniorren erlojupekoan 10. postuan sailkatu zinen eta hori ez da edonolakoa…
Orain arte egindako denboraldiarekin kontentu nago. Egoera honetan arraroa izan da guztia, eta lasterketetan zure burua aurrean ikustea ona da. Europako Txapelketan ere aurrean egon naiz eta horrek animatu egiten du, sentsazio ona sortzen du. Europako Txapelketan maila handia dago. Iaz ere aritu nintzenez, gutxi gorabehera arerioen ideia bat banuen, baina aurten pandemiarengatik kanpoan ia lehiatu ez garenez, ez nekien gainontzeko txirrindulariak nola egon behar ziren, eta gu aurrean egoteak erakusten du hemen ere maila handia dagoela. 

Europako Txapelketako lineako lasterketan tamalez erorikoa izan zenuen eta moztuta geratu zinen. 
Bai, gainera hasieran izan zen, 7. kilometroan. Eroriko bat egon zen, lurrera joan nintzen eta gero tiratzea tokatu zitzaidan talde nagusiarekin batu ahal izateko. Ez dakit zenbat denbora galdu nuen, baina nahikotxo. Aurreko taldea harrapatzea eta lasterketako azkeneko selekzioan egotea lortu nuen, beraz nahiko ondo. Espainiako selekzioko Juan Ayuso nire taldekidea 7.a sailkatu zen eta ni 23.a, 3 segundora. Egindakoarekin kontentu nago. Aitortu behar dut hasieran pixka bat haserre nengoela, erorikoarengatik, lurrera joango ez banintz azken txanparako indar gehiago izango nuelako, baina bukaeran aurrean egon nintzela ikustearekin konforme bukatu nuen. 

Handia izan zen kolpea?
Lasterketan, beroan, ez nuen asko nabaritu. Gehiago izan zen bizikletako eskulekua biratua geratu zitzaidala eta lasterketa osoa horrela ibili behar izan nuela. Lasterketa bukatzean, hoztean, kolpea gehiago nabaritu nuen kolpea. Minberatuta nituen besoa eta lepoa, izan ere, muturrez aurrera joan  lurraren kontra. 

Plouaytik larunbatean bueltatu zinen eta igandean Nafarroako selekzioarekin aritu zinen Beasainen, Gipuzkoako Klasikoan. Minberatuta joan zinen eta berriro ere erorikoa izan zenuen. 
Bai. Azkeneko bi portuetan Ayuso zihoan aurretik, eta atzetik ni beste batekin, errelebotara, indar betean. Ayuso ia harrapatzen ari ginenean, 7 segundora edo geundela, errotonda batean, lurrera joan nintzen. “Joooo” pentsatu nuen. Hankan hartu nuen kolpea, eta bosgarrena sartu nintzen, 3:15era. 

Zein da helburua asteburuko Espainiako Junior Mailako Txapelketetan?
Asmoa lana ongi egitea da; ea, erorketarik gabe, aurrean egon gaitezkeen. Finean, ahal den guztia egitea da helburua, eta gero ikusiko da zer ateratzen den. Erlojupekoan eta lineakoan ariko naiz, bietan. 

Mallorcatik bueltan, nola jarraituko du denboraldiak?
Printzipioz Gipuzkoan eta Nafarroan oraindik junior mailako lasterketak badaude; ikusiko da aterako diren ala ez, COVID-19a dela eta. Irailaren 20tik 27ra, gauzak ongi, Munduko Txapelketak jokatuko dira Imolan (Italia). Mundialak izango dira hurrengo helburu garrantzitsua. 

Juniorren 2. urtea da hau zuretzat, azkena. Txirrindularitzan jarraitzeko afizionatuetara egin beharko zenuke salto hurrengo denboraldian. Aukerak aztertzen ari zara?
Egun aurtengo denboraldian murgilduta nago. Etorriko da erabakiak hartzeko garaia.