Aralarko Lakuntzetxeko lanak aurrera doaz

Guaixe 2020ko ira. 7a, 15:36

Lakuntzetxe edo Deierri etxea konpontzeko lanak Uharte Arakildik.

Aralarko santutegi ondoan jarritako garabi batek gaztigatzen du lanean ari direla. Lakuntzetxea edo Deierri eraikina konpontzeko lanak maiatzean hasi ziren, eta urte bat iraunen dute. Milioi erdi euro inguruko kostua duten lanak finantzatzeko mezenasgo kanpaina martxan da. 

Garabi bat dago Aralarko santutegiaren ipar mendebaldean. Eta haren oinarriaren ondoan obretarako makina bat material. Haien parean dago Lakuntzetxea edo Deierri etxea, Beraza eraikuntza enpresa konpontzen ari den Erdi Aroko eraikina da. Hara igotzen den jende askok galdetzen die arduradunei garabiaren zergatiaz. Aralarko santutegiko kaperau da Mikel Garziandia Goñi etxarriarra. Berak azaldu digunez, eraikinaren egoeraz “duela urte bat konturatu ginen, eta santutegiak nahiko arrisku handi da”.

Kaperauak azaldu digunez, “mendiak hor beheraka egiten du, mendebalderantz. Eraikin hori oso meharra eta sendoa da, eta ez oso altua. Santutegiko paretari eusteko lana egiten zuen nolabait. Hori hondatzen bazen gure kezka zen: santutegiaren mendebaldean dagoen nartexko arkua oso zabala dela eta hor arriskua izan zitekeen. Horregatik, santutegiaren sarreran, aldamio gainean, kristaltxo batzuk jarri ditugu, aztertzeko aspaldidanik emanda dagoen arkua mugitzen ari ote den ala ez, eta obrek santutegia kaltetzen ote duten. Obrarekin ez da mugitzen ari eta dena normal doa”. 

Artaxoako Pedro apezpikuak, Parisko Pedro gisa ere ezaguna, Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiaren araudia berritu zuen eta 1191n orain konpontzen ari diren eraikina oparitu zion kofradiari. “Kontuan izan behar da kofradiak XII. mendean 40.000 partaide zituela. Horrek eskatzen zuen kofradiako jendearendako Aralarren lo egiteko aterpe bat izatea”. Garziandiak nabarmendu duenez, “gure historian eraikin hori oso garrantzitsua izan da”. Izenaz galdetuta, gogorarazi digu mendiko aprobetxamenduak Aralarko Elkarteak kudeatzen dituela, “eta Lakuntzak, historikoki, erakundean protagonismoa izan du. Deierri gehiagotan deitzen zitzaion. Etxarrik eta gainerako herriek hor zuten sukaldea”. 

Zegoen egoeraz 
Garziandiak azaldu digunez, eraikineko “paretak duela 100 urtera arte berean mantendu ziren. XX. mendean leihoak ireki zituzten zerbitzu bat izateko, zeren hiru gezileiho zituen. 1942an “sute izugarria izan zen Aralarren, eta garai hartako ostatua hondatu zen. Jende asko bizi zen Aralarren eta azienda asko zegoen. Eta berez erabilera zuen etxeari erabilera handiagoa eman zioten. Azienda guztia beheko pisuan jarri zuten. Eta goian jendea bizitzeko moldatu zuten. Bertan zeuden egiturak eta kontrahormak mugitu zituzten”. 30 bat urtez horrela erabili zuten Lakuntzetxea, eta XX. mendeko 70eko hamarkadan leihoak adreiluz itxi zituzten eta erabiltzeari utzi zioten. “Eraikin hori 50 urtez erabat itxita egon da. Hezetasunak eta kondentsazioak egitura hondatu dute”. 

Eraikinaren egoera okerrak “animatu gintuen beste proiektuak nolabait aurreratzera”. Garziandiak azaldu duenez, “santutegiak orain azpiegitura eskasak ditu eta nahi genuen interpretazio gunea edota erabilera anitzeko aretoa egitea (ikerketarako, bilerak egiteko), santutegiak gaur egun duen eskaintza nabarmen hobetzeko”. 

Legeak eskatu bezala, arkeologia indusketa egin da lanen aurretik. Horregatik bueltatu da Aralarrera  Aditu arkeologia taldea eta hark buru duen Fran Valle de Tarazaga Montero (2016-2018 urteen artean arkeologia indusketak egin zituzten santutegiaren iparraldean). Garziandiak jakinarazi digunez, “datu interesgarriak agertu dira: guk uste genuen hiru kontrahorma zeudela, baina laugarren bat ere azaldu da eta ikusi dugu etxea malkor gainean eraikia dela. Hori guretako berri ona da. Beldurra genuelako egiturak arazoak izan zitzakeela obra egitean. Nahikoa lasaitua hartu dugu!”

Eraikinak hiru solairu ditu eta kisusgileek aurreneko solairuko zorua egina dute eta lehen solairuko zoruko kofratua prestatzen ari dira. “Asmoa da negurako goia ixtea eta gero barruan lasai lan egitea”. Kaperauak argitu digunez, aurrekontuaren zati handi bat teilaturako izanen da: “santutegiarekin lotu behar da, gauzak ongi utzi behar dira, ez hala-hola. Eta ez dira teilak, kareharrizko harlauzak baizik”. Santutegiaren teilatuaren hegoaldea ere konpondu beharko dute eta, horrek aurrekontua handituko du.

Aurrekontua eta mezenazgoa
Lanek 450.000 euroko aurrekontua izanen dutela esan digu Garziandiak. “Martxoan kanpaina handia egitea pentsatua genuen. Pentsa zer gertatu zaigun!” Eraikina jantzita, 550.000 eurokoa da aurrekontua. Eta hari buelta emateko santutegiak bere funtsetatik 60.000 euro jarriko ditu, artzapezpikuak 100.000 euro, 50.000 euroko mailegu bat eskatuko dute eta gainontzeko 340.000 euroak mezenasengandik jaso nahi dituzte.  

Nafarroako Gobernuak Deierri eraikineko lanak interes sozialeko izendatu ditu Mecna zigilua emanez. Ondorioz, lan horiek egiteko dirua ematen duten Nafarroako pertsonek eta enpresek zerga desgrabazioa dute. Esaterako, lanetarako 150 euro ematen dituen pertsonari Nafarroako Gobernuak errenta aitorpenean % 80 (120 euro) desgrabatuko dio. Kaperauak argitu du guztia behar bezala egiteko ezinbestekoa dela izen-abizenekin batera nortasun agiriaren zenbakia ematea, gero haiek gobernuari eman eta hark desgrabazioa egiteko. “Jendearendako ez da ahalegin handia, azkenean 30 euro ematen dituzulako. Baina santutegiari 150 iristen zaizkio”. Kopuru horretatik gorako dohaintzen kasuan desgrabazioa % 40koa da. 

Enpresen kasuan sozietate-zergako zerga-oinarrian kenkaria izanen dute. Gainera, 300 euro ematen badituzte kuota-likidoan % 30eko kenkaria izanen dute, % 20koa gehiago bada. Bai banakoek bai enpesek ES11 3008 0045 9840 71845517 kontu korrontean sartu behar dute dirua eta gai gisa “Aralarko santutegia Mezenasgoa” jarri behar dute. Bestalde, Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak ere laguntzeko konpromisoa hartu du. 

Dirua biltzeko San Migelen kutxa zaharra ere atera dute santutegiko atarira. “Garai batean herriek festak egiten zituztenean, bakoitzak ordaindu behar zituen ogia, ardoa, urdaia eta olioa. Sarreran jarri dugu kutxa eta nahi duenari euro bateko ekarpena egiteko eskatzen diogu. Jende askok pixka bat emanda gu oso kontentu gaude”. Informazio gehiago nahi duenak santutegian bertan, Twitterko profilean edo eu.sanmigueldearalar.info edo propio sortu duten www.sosaralar.org webguneetan du. Laguntza jaso nahi dutelako ekimenari Laguntzetxe izena jarri diote. 

Espazio banaketa 
Beheko solairua: interpretazio gunea (67,61 m2 eta 2,6ko altuera). “Panelak eta pantailak, jendeak dauzkagun materialak erakutsi ahal izateko”. 
Lehen solairua: erabilera anitzeko aretoa (67,40 m2 eta 2,6ko altuera. “Hitzaldiak, kontzertuak edo dena delakoak hartzeko”. 
Bigarren solairua: kofradiaren eta santutegiko historia artxiboa eta lan gune bat “ikerketa lanak eta halakoak egiteko” (67,72 m2 eta 2,53ko altuera). 
Guztira: 195,73 m2. Eskailerak eta igogailua izanen ditu. 



Egitasmo gehiago
Gaur egun egiten ari diren “derrigorrezko eta premiazko” lan horren ondoren, etorkizunerako egitasmo gehiago badituzte. Garziandiak azaldu duenez, “bigarrena da, santutegiak zerbitzu hobea emateko, santutegiaren sarreran denda eta komunak jartzea. Eta hirugarrena ostatu zaharra irekitzea litzateke. Jendea eskatzen ari zaigu, mendizaleak batez ere. Horrela zerbitzu osoa eskainiko litzateke”. 


San Migel eguna izatetik hilabete izatera 
Mustu berri dugun hilabetean jende askok gorriz markatuta du irailaren 29a, San Migel eguna. COVID-19 gaitza dela-eta elizetan ere neurri bereziak hartu beharra dago. Esaterako, pandemiaren garapenagatik kultu tenpluen edukiera % 75etik egungo % 50era pasa da. Garziandiak esan duenez, jende pilaketak saihesteko “eskatu diogu jendeari 26an, 27an, 28an eta 29an joatea, larunbatetik asteartera, eta ez denak San Migel egunean, asteartean. Zerbitzu gehiago eskaintzen saiatuko gara. Jendeari gomendatzen diogu ere irailean zehar igotzea santutegira. Gaurtik igotzen hasten badira, hobe. Nahi genukeelako jendetza ez pilatzea. Hilabete guztian jendea mugitzen bada, guri mesede handia eginen digu”. Jakina, fededunek osasun segurtasun neurri guztiak bete beharko dituzte. 


Aldare prerromanikoa
Kaperauak azaldu digunez, “bagenekien duela ia mila urteko aldare zaharra hor utzia zegoela eta agertu da. Konturatu gara hori dela 1140an berrerabili zuten aldarea. Prerromanikoa den aldare polit hori, harrizko aldare originala, santutegian jarriko dugu San Migel egunean”. Francisco Perez Gonzalez artzapezpikua etorriko da hilaren 29an eta 12:30eko mezan berriro sagaratuko du aldarea. “Gainera, bere garaian sagaratu zituzten bi apezpikuren eraztunak Iruñeko katedralean dauzkagu. Lotu nahi ditugu, 880 urte geroago ekitaldi bera”. 


Lanen kronologia laburra
IX. mendea  Ordukoa litzateke aurreneko santutegia.
1032   Santutegiaren aurreneko aipamen idatzia. 
1167   Santutegiaren hegoaldeari itsatsia dagoen egoitza eraiki zen, gerora  kofradiaren    egoitza izanen zena.
1925  Unitate elektrogeno bati esker argindarra iritsi zen santutegira. 
1942   Sute batek ostatua erabat suntsitu zuen. 
1965eko iraila Guardetxetik santutegirako bideberria mustu zen. 
1972  Santutegiaren berritze lan osoari ekin zion Foru Diputazioak. 
1982  Uharte Arakilgo Udalak herria eta santutegia lotzen dituen porlanezko basoko pista   zabaldu zuen. 
1997   Santutegiko teilatua berritu, teilatupeko zaborrak kendu eta zorupean berogailua jarri   eta bestelako lanak egin zituen Nafarroako Gobernuak. 
2002   Ostatua jatetxe eta kafetegi bihurtzeko lanak hasi ziren.