Zumba

Adano elkartearen aldeko Zumbathoi solidarioa Uharte Arakilen

Guaixe 2020ko ira. 25a, 11:14

Igandean hasiko da, goizeko 11:00etan, Uharte Arakilgo pilotalekuan. Bildutakoa minbizia duten haurren Adano elkarteari bideratuko zaio. Sei monitoreren koreografiez gozatzeko aukera izango da eta ekitaldiak aurkezle ezagunak izanen dira: Amaia Madinabeitia, Africa Baeta eta Aitor Zubieta

Uharte Arakilgo Udalak eta minbizia duten haurren Adano elkarteak Adanoren aldeko Zumbathoia antolatu dute iganderako Uharte Arakilen, hainbat babesleren laguntzarekin. Goizeko 11:00etan hasiko da ekitaldia, Uharte Arakilgo frontoian, eta izena ematea zabalik dago Uharte Arakilgo Udalean edo 652 17 81 22 telefono zenbakira whatsappa bidalita edo igandean bertan, Uharte Arakilgo pilotalekuan. Zumbathoian parte hartuko dutenek 5 euro ordaindu beharko dute eta ikusleek, aldiz, 2 euro, eta jasotako guztia 1989tik minbizia duten haurren, nerabeen eta haien senitartekoen alde lan egiten duen Adano elkartera bideratuko da. 

COVID-19 pandemia dela eta, antolatzaileek beharrezko segurtasun neurri guztiak beteko direla ziurtatu dute. Musikari jarraiki zumba monitoreek prestatutako koreografiekin goiz ederra pasatzea izanen da helburua. Aipatzekoa da sei monitore igoko direla oholtzara, bakoitza bere estilo eta koreografia propioekin, gustu guztiak asetzeko: Itziar; Mery, Sali, Mayra, Marian eta Leire Rabaz. Azken horrek txikienekin eginen du lan.

Aurkezle lanetan aurpegi oso ezagunak arituko dira: Navarra Televisioneko aurkezle Amaia Madinabeitia uharte arakildarra, ETB2ko albistegien aurkezle Africa Baeta eta Aitor Zubieta pilotari ohi etxarriarra.