Herriak ematen dituen sorpresak

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ira. 29a, 12:58

Naizen elkartearen aldeko txupinazoa egin zuten Uharte Arakilen 2019ko sanmigeletan. UTZITAKOA

Uharte Arakilgo familia bat Naizen elkarteko kidea da. 2019ko Sanmigel festetako txupinazoa elkartearen omenez izan zen, eta elkartearekin elkartasunez herri argazkia egin zuten. Ez da herriak izan duen elkartasun keinu bakarra

Sorpresa bat izan zen. “Aurreko egunetan herriko jende pila batek elkarteko kamisetak eskatzen zizkidan eta lankideendako zela esaten zidaten. Ni oso inozoa naiz, eta sinistu nuen”. Baina iazko Uharte Arakilgo San Migel festen txupinazoa ikusteko plazara iritsi zirenean, herritar gehien-gehienak elastikoa jantzita zeramaten. “Hor zerbait nabaritu genuen, baina ez genuen inolaz ere espero”. Orduan, Txomin Uharte alkatea eta zinegotziak ere udaletxeko balkoira kamisetarekin atera ziren, txupinazoa bota zuten, eta Tafallako uholdeekin elkartasunezko eta Naizen elkartearen aldeko hitz batzuk esan zituen. “Normalean ez dut negarrik egiten, baina egun horretan ezin izan nuen ekidin. Hor erakutsi zidaten Uharte Arakil leku segurua dela, eta leku on batean gaudela”.

“Normaltasunez” bizi du Uharte Arakilgo familia honek Naizen elkarteko kide izatea. Naizen elkartea Euskal Herriko adingabe transexualen familien elkartea da. 2015. urtean zortzi familiek Chrysallis Euskal Herria osatu zuten, eta 2018. urtearen amaieran estatu mailako elkartearen ordezkaritza izateari uztea erabaki zuten. 2019ko hasieran Naizen elkartea jaio zen. Ehun familia baino gehiagok osatzen dute gaur egun elkartea, tartean Uharte Arakilgo familia.

Hamar eta sei urteko bi alaba dituzte: batek bulba du eta besteak zakila. "Betidanik pistak eman dizkigu, baina duela bi urte eta erdi inguru geroz eta gehiago esaten zigun bere sexu organoak ez zitzaizkiola gustatzen eta ama eta ahizpa bezala nahi zuela. Eskolara mototsarekin joaten zen eta printzesaz janzten zenean, hori gustatzen zitzaion mutil bat zela pentsatzen genuen". Baina egun batean negarrez iritsi zen eskolatik mutil bat zela esan ziotelako. "Ordura arte ez zuen planteatu ere egin mutiko bat zela. Guk ez genizkien rolik ezarri eta panpinekin jolasten zuen mutiko bat izan zitekeela esan genion". Baina neska bat zen. "Esan zigun ezetz, ez zela mutiko bat, neska bat zela". Egun batetik bestela armairu aldaketa egiten ari ziren. "Berak beti neska bat dela ikusi du, eta ikusi zuenean besteek ez zutela neska bat ikusten, bere izaera aldarrikatu zuen".

Herriaren erantzuna
Familiak onartzen duenez, "tristea da horrelako elkarteak egon behar izatea", baina "errealitatea hori da". Egoera hobetuz doala esan dute, eta duela hamar urteko egoerarekin alderatuta aurrerapauso asko eman dira. "Gure sentsibilitatea normala zen, izan beharko zena, baina gertutik gertatzen zaizunean laguntza izatea eta legalki sor daitezkeen egoeretan laguntza izatea garrantzitsua da". Izan ere, "berria zara". Horregatik hasieran ez bazen ere, azkenean elkartean sartu ziren. "Elkarrekin egoteagatik eta gure alaba bera bezalako neskekin elkartzeko, garrantzitsua iruditzen zaigu ikustea ez dela bakarra".

Naizen elkartean hilabetean behin familien topaketa bat egiten dute. "Gu hemen bizi garenez eta astegunetan denez ezin gara beti joan". Diotenez, harrigarria da hilabetero familia berriak agertzen direla. "Familia berriak hartzen ditugu, hasten zarenean oso galduta zaudelako". Beldur handia dituzte. "Errealitatean daudenak baino askoz ere beldur gehiago. Ama eta aita gisa nahi duzu zure alaba normaltasuna deitu dezakegun horren barruan egotea, ez sufritzea". Kanon horretatik ateratzen direnean "sufrituko duen beldurra ateratzen da".

Aldaketa nabarmena oporretan egin zutela azaldu dute. Lehenengo beldurra "soinekoa jartzea eta kalera ateratzea" izan zen. Apalak dira eta ez zaie agerian geratzea gustatzen, "ez zaigu nabarmentzea gustatzen eta herri batera etortzea, kanpokoak garela, eta neska batekin etortzea... airea hartu genuen eta aurrera egin genuen. Elkarrekin ateratzen ginen". Baina beldur horiek ez dira azaleratu. "Azkar konturatu ginen errore bat zela, beldurrak oinarririk gabekoak zirela". Normaltasunez eta lasaitasunez bizi dira. "Bi alaba ditugu, edozein gurasok bezala".

"Argi geratu zaiguna da aurrez aurre joaten zarenean, eta norbaitek esaten dizunean soineko bat daramala eta azaltzen diozunean neska bat dela eta ez ginela konturatu, erantzuna ona da". Haurrek goxotasuna adierazten dutela diote. Gainera, alaba "asko aldatu" dela esan dute: "Lehen oso lotsatia zen, ez zuen hitz egiten...". Bere izaera adierazten duenetik, "amodio" bat bihurtu da, eta herri guztiak ikusi ahal izan du. "Lasaitu da. Hasieran soineko erakargarrienak eta distiratsuenak eramaten zituen". Elkarteko kide askori gertatzen omen zaie hasieran "estereotipoak" jarraitzen dituztela, "adierazi behar dute hori direla eta, gainera, ordura arte ez diete jantzi horiek eramaten utzi". Baina behin etapa hori pasata, "edozein neska bezala" janzten da. "Oso adierazgarria izan zen etxean berdintasunean hezten saiatu garelako rolak eta estereotipoak baztertuz. Eta bat-batean soineko ponpoxoena jantzi nahi zuen. Nondik ikasi dute hori? Nondik sartzen zaie?". Haur guztiek kalean eta telebistak ikusten dutena errepikatzeko joera dute.

Herriarekin oso eskertuta daude. Ez bakarrik iazko txupinazoan egindako keinuagatik, baizik egunerokotasunean bizi dutenagatik ere: "Oso gustura gaude. Ez du preziorik". Jendeak "interesa adierazten" duela aipatu dute, "eta horren harira komentarioak egiten ditu. Baina normaltasunaren barruan sartzen diren komentarioak dira". Errepikatuenetarikoen artean "oso txikia" dela esatea da, eta elkartearen bidez egoera eta estereotipoei aurre egiteko lanean ari dira: "Hezi behar da, eta argudio horiei buelta eman behar zaie". Esaterako, haurrak "kutsatu gabe daude" eta neska bat dela esaten badiezu, neska bat da. "Agian noizbait esan digu norbaitek mutil bat dela esan diola, baina orduan esaten diogu ez duela ongi ulertu eta azaldu behar zaiola berriz". Haurra ez da gogoratzen aurreko garaiaz, eta, beraz, besteek ere ez dutela oroitzen uste du.

Herri batean arazo gehiago izango zituztela pentsatu zezaketen, "itxiagoak garelako", baina kontrakoa izan da: Herri batean harremanak estuagoak dira, eta, ondorioz, elkar ezagutze horren ondorioz, "errazagoa" da. Beraz, egindako komentarioak ez dira "modu txarrean" egiten, ezjakintasunagatik egiten dira. Herrian eta bestelako egoeretan bizi ez badute ere, ez dituzte inoiz ulertuko "intolerantzia eta errespetu faltak". Hortaz, badakite egoera zailekin eta pertsona "gaiztoekin" elkartuko direla, baina "bi alabekin, helduenarekin eta txikiarekin".

Haur transexualitatearen inguruko sentsibilitatea "betidanik" izan dute. "Egia esan pixka bat Hazte oir autobusari eskertu behar diot. Hainbeste hitz egin zenez, haur transexualitateari buruz beraiei esker jakin genuen". Momentu horretan ez zekiten alaba bat "egoera horretan" izango zutenik, baina "adimena" mugitu zitzaien eta haur transexualitateari buruz irakurtzen eta ikertzen hasi ziren. "Zakila duten neskak eta bulba duten mutilak badira Naizen elkartearen esaldia bihurtu dena ikusi nuen, eta egia da, hor daude eta zoriontsu dira". Ekainen heriotza mugarri izan zen. "Elkarretaratzera joan ginen barruan jo zigulako". Ekainek hormonak eskatu zituen, baina psikologoarenagana joan behar zela esaten zioten. Ez zioten zena izaten utzi. "Alaba nagusienari azaldu genion, eta oso azkar ulertu zuen". Balore oso garrantzitsuak iruditu zitzaien.

Herri solidarioa
Uharte Arakilgo herrian hamaika izan dira elkartasun adierazpenak. Esaterako, Adamo Nafarroako minbizia duten haurrendako laguntza elkartearen aldeko zenbait ekimen egin dituzte egunotan. Besteak beste, elkartearen hitzaldia egin zuten eta igandean Zumbathoia egin zuten. 2019an Tafallan izandako uholdeei erantzuna eman zuen Uharte Arakilgo herriak eta Tafallara bidaltzeko dirua lortzeko hainbat ekimen egin zituzten.