Zumba

Uharte Arakilgo Zumbathoia antolatzea "eromena" izan zela baina jendea "oso gustura" ibili zela diote antolatzaileek

Guaixe 2020ko urr. 5a, 10:45

Argazkia: Utzitakoa.

Uharte Arakilgo frontoiaren kanpoaldean egin zen minbizia duten haurren Adano elkartearen aldeko Zumbathoia. Parte hartu zutenak pozik aritu ziren, segurtasun neurriak bete ziren eta Adano elkartekoak eskertuta zeuden gaia gizarteratzeagatik eta lortutako babes ekonomikoarengatik

Uharte Arakilgo Udalak minbizia duten haurren Adano elkartearen aldeko Zumbathoi Solidarioa antolatu zuen aurreko igandean. Bezperako euri jasen ondoren eguraldiak tregoa eskaini zuen eta Zumbathoia kalean egitea erabaki zuten antolatzaileek. “Egia esan, eromena izan zen. Pandemia dela eta Nafarroako Gobernuak aforo murrizketa berriak onartu zituen. Horrela, eta euririk egingo ez zuela kontuan hartuta, ekitaldia pilotalekuaren aurrealdean egitea erabaki genuen, horrek toki gehiago izatea bermatzen zigulako, batetik, eta bestetik, pandemiari begira aire librean egotea espazio itxian egotea baino hobe delako. Goizean espazio guztiak markatu genituen, partaide bakoitza bere tokian egoteko, eta guztia martxan jarri genuen. Goiz eroa izan zen, baina ekitaldia ongi hasi zen, Zumbathoi monitoreak eta dantzariak ere gustura egon ziren, eta sentsazioa oso ona izan zen” azaldu du Uharte Arakilgo zinegotzi Amagoia Beteluk. 

Antolakuntza primerakoa izan zen eta eskatutako segurtasun neurri guztiak bete ziren: tenperatura kontrola, eskuen garbiketa, irteera eta sarrera ezberdinak, parte hartzaile bakoitza non kokatu behar zen zehazteko markak eta behar izanez gero, jarraipena egin ahal izateko datuen bilketa. 

Aitor Zubietak aurkeztu zuen ekitaldia eta 5 monitorek hartu zuten Zumbathoia gidatu eta bertaratu zirenak dantzan jartzeko ardura: Itziarrek, Meryk, Mayra Palopek, Marianek eta Leire Rabaz gaztetxoak. 10 urteko arbizuar honek koreografia bat prestatu zuen, egunerako propio. “Jendea gogotsu zegoen, hori aipatzen zuten. Gainera, distantziak oso ongi gorde ziren eta, egia esan, oso ongi joan zen dena. Etorri zirenek oso gustura parte hartu zutela nabarmendu zuten” gaineratu du Beteluk. Birusa agertu zenetik halako ekitaldi gehienak bertan behera gelditu dira eta, horregatik, pozik eta eskertuta zeuden dantzariak. 

Ekitaldian opariak zozketatu ziren: bi bizikleta, produktu sortak, Joseba Ezkurdiaren kamiseta, Xaloken kamisetak eta beste. Adano elkartearen aldeko aurreskua dantzatu zen eta capoeira erakustaldia egin zuen Arbizuko capoeira taldeak. Bildutakoak oso gustura aritu ziren; parte hartzaileek 5 euroko ekarpena egin zuten Adano elkartearen alde, eta ikusleek 2 eurokoa edo borondatezkoa. 

Adanoren alde
Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioa minbizia duten haurren Adano elkartearen aldekoa zen, eta Uharte Arakilen izan ziren elkarteko presidente Mercedes Almiñana eta idazkari Juan Narro. “Eskertuta zeuden Uharte Arakilek Zumbathoia antolatu izanagatik, halako ekitaldiek minbizia duten haurren gaia eta problematika gizarteratzen dutelako eta, bestetik, euren lana egiteko laguntza lortzen dutelako. Izan ere, halako jardunaldi eta ekitaldietatik laguntza handia lortzen dute” aipatu du Amagoiak. 

Nafarroan 20 familia pasatxo daude minbizia duen seme-alaben bat dutena. 1989 urtean sortu zen elkartea, haur hauei eta euren senitartekoei babesa emateko. COVID-19 pandemiagatik gaixo txiki hauen egoera larritu daitekeela nabarmendu zuten Almiñanak eta Narrok Uharte Arakilen, “euren arriskua biderkatzen delako, jasotzen dituzten tratamenduek euren sistema immunologikoa ahultzen baitute”. Uharte Arakilgo Udalari eskerrak eman zizkieten, Zumbathoiarekin haur hauen errealitatea agerian jarri zutelako eta ekitaldian lortutako diru laguntza ekonomikoa euren lana egiten jarraitzeko garrantzitsua delako.