Kanpo santuan 25 pertsonako muga

Guaixe 2020ko urr. 29a, 11:56
1936ko estatu kolpearen ondoren hildako Victor Martirenaren Alegriaren senidea hilerrian. Artxiboa.

Uharte Arakilgo Udalak jakinarazi du azaroaren 1ean eta 2an bisitak onartuko direla bakarrik, ezin izanen dela lorerik kendu, jarri, garbiketa edo txukunketa lanik egin. Horretarako aukera izanen da aurreko egunetan.

Domu Santu Eguna igandean izanen da, hildakoak gogoratzeko egunak. Hilobiak, horma-hobiak eta panteoiak egun hain seinalatuan behar bezala luzitzeko aurreko egunetan garbitu, egokitu eta apaindu egiten dira. Aurten egun seinalatu hori pandemiaren erdian izanen da. Horregatik, osasun-agintarien gomendioei jarraituz, Uharte Arakilgo Udalak hainbat neurri hartu ditu. 

Alde batetik, jakinarazi du hilaren 23tik azaroaren 9ra arte hilerria 08:00etatik 20:00etara zabalik egonen dela. Kanpo santuan aldi berean gehienez ere 25 pertsona egon daitezke. Hilerrira sartzeko ate bat egonen da eta beste bat ateratzeko. Udalak ateetan hidrogela jarriko du, sartzerakoan eta ateratzerakoan erabil dadin. Bestela, kanpo santuaren desinfekzioaz udala arduratuko da. Udalak gomendatu du jende gehien biltzea espero diren egun eta orduak saihestea eta beste ordutegi batzuetan joatea kanpo santura. Azkenik, udalak gogorarazi du hilerrian ezin dela ez jan ez edan. 

Gomendio gehiago 
COVID-19 gaixotasuna ez zabaltzeko eta kutsadura eragozteko, gaitzaren sintomak dituzten pertsonei hilerrira ez joateko eskatu die udalak. Gogoratu sintomak direla: sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasunak, usaimena edota dastamena galtzea, beherakoa, eztarriko mina edo giharretako mina. Isolamenduan edo berrogeialdian dauden pertsonek etxean gelditu behar dutela gogorarazi du udalak. 

Arriskuko edo talde zaurgarrietako pertsonei Uharte Arakilgo Udalak gomendatu die jende gehien egon daitezkeen ordu eta egunak saihestea. Eta pilaketak eragozteko, ahal dela, hildakoak oroitzeko ospakizuna egunez aldatzea eskatu du, hilaren 23tik azaroaren 9ra bitartean egiteko. Hilerrira joaten direnak, gehienez, lauko taldetan joan beharko dute eta haien artean metro eta erdiko distantzia errespetatu eta kontaktu pertsonala saihestu beharko dute. Azkenik, udalak gomendatu du kanpo santura joaten diren pertsonen arteko kontaktu zuzena ekidin behar dela, kutsadura saihesteko.