Artzain Eguneko bideoa sarean ikusgai

Guaixe 2020ko aza. 3a, 11:01
Melquiades Hidalgo, bideorako elkarrizketatuetako bat.

Aurten ospatu ez bazen ere, egunak haiendako zein garrantzia duen azaldu dute hainbat elkarrizketatuk. Bideoa www.artzaieguna.eus web orrian ikusgai dago. 

Osasun krisiagatik aurten ospatzekoa zen 53. Artzain Egunik ez zuen antolatu Aralar Mendi elkarteak. Hala ere, agorrilaren 30ean egunarekin lotura duten zazpi pertsona gonbidatu zituzten Uharte Arakilera elkartekideek. Artzain Eguneko jarduera aipagarrienetako ordezkariak ziren guztiak, eta haiek elkarrizketatu zituzten. Elkarrizketatuek haien bizimodua, egunarekin duten harremana Artzain Egunak beraiendako zer esanahi duen edota jaiak zer suposatzen dien azaldu zuten. 

Kameraren aurrean jarri ziren Jose Mari Ustarroz (antolatzailea), Lazaro Milikua (artzain txakurren txapelketako epailea), Iñaki Idoate (gazta txapelketako epailea), Maite Lasarte (ardi lehiaketako epailea), Melquiades Hidalgo (moztailea), Adriana Ojer (artisaua), Isabel Balda (gaztagilea) eta Antonio Alustiza (artzaina). Emaitza 14 minutuko iraupena duen bideoa da. Aralar Mendi elkartetik azaldu dutenez, ikus-entzunezkoa “Nafarroako artzain guztiendako ‘omenaldia’ izan nahi du. Aldi berean, antzinako lanbide horren zabalkunderako eta sustapenerako bidea eman nahi du eta euren produktuak ezagutzera ematen eta merkaturatzen lagundu nahi du”. 

Bideoa Labrit Multimediak egin du, materiagabeko kultur ondarearen bilketan, analisian eta transmisioan espezializatutako enpresak. Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuak diruz lagundu du. Gainera, Aralar Mendi elkarteak Uharte Arakilgo Udalaren, Idiazabal jatorri izendapen deituraren, Trefilados de Navarra, Lakita eta Panificadora Amaya enpresen laguntza izan du.