Txirrindularitza

Afizionatuen mailan hasteko gogotsu dagoela dio Igor Arrietak

Guaixe 2020ko abe. 1a, 12:35

Igor Arrieta, Nafarroako erlojupekoa irabazi zuenean. MARTIN EARLY

Sakana Group-Aralar taldean trebatu den Igor Arrieta Lizarraga txirrindulari uharte arakildarrak Lizarte taldearekin debutatuko du afizionatuen mailan. Maila berriari "errespetua" diola aitortu du baina "hasteko gogotsu" dagoela

Igor Arrieta Lizarraga txirrindulari uharte arakildarrak Lizarte taldea aukeratu du afizionatuen mailara salto egiteko. “Hainbat aukera izan ditut, baina gehien gustatu zitzaidana Lizarte izan zen eta jada gogotsu nago hasteko” azaldu du Igor Arrietak. Aitaren gomendioak jarraitu omen zituen galdetuta, Igorrek dio aitak taldeei buruz bere iritzia eman ziola, “baina nik hartu nuen erabakia”. Argi eta garbi.  

Galibier klubeko Juanjo Oroz kirol zuzendariak ongi etorri beroa egin dio uharte arakildarrari – Galibier klubeko taldeak dira afizionatuen Lizarte taldea eta Kern Pharma talde profesionala–. “Txirrindulari fina da, sekulako proiekzioa du eta mutil jatorra da, oso umila eta lan egiteko gogoz dagoena” azaldu du Orozek. Orozek esandakoaren inguruan zer deritzon galdetuta, irribarre egiten du uhartearrak. “Beno, ez dakit zer esan… ea orain arte bezala jarraitzen dudan eta taldera egokitzen naizen”. 

Sakana Group-Aralar taldeko kolore berde fluorra urte akaberan armairuan gorde, eta Lizarte taldeko maillot arrosa fluorra jantziko du 2021ean Igorrek. Bere kabuz ari da entrenatzen, ez daki noiz hasiko den Lizarterekin entrenatzen. “Aurtengo denboraldia arraroa ari da izaten, pandemiarengatik, eta ez dakit abenduan kontzentrazioren bat egiteko aukera izango dugun. Ahal izanez gero, hor hasiko ginateke lanean” azaldu du.  

Jubenilen balorazio ona
Jubenilen maila modu ezin hobean agurtu du Igor Arrietak. Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketetan aritu zen, ongi, eta Espainiako Erlojupekoko txapeldunordea izan da. Horretaz gain, Euskadiko txapelduna izan da errepidean, Nafarroako txapelduna bai erlojupekoan eta baita errepidean ere, eta Lacturale Trofeoa eta Indurain Anaiak Saria irabazi ditu, besteak beste. “Denboraldia oso ona izan da, egia esan. Atzera begira jarrita, izan ditudan emaitzekin pozik nago, baina bereziki lasterketetan aritzeko aukera izateagatik nago pozik. Pandemia dela eta, Estatuko zenbait tokitan ezin izan dute lasterketetan aritu, baina hemen, Euskal Herrian, gutxienik lasterketetan aritzeko zortea izan dugu eta hori eskertzekoa da” nabarmendu du Arrietak.  

Errespetua eta gogoa
Jubeniletatik afizionatuen mailara dagoen saltoa sekulakoa dela diote adituek, akaso txirrindularitzan dagoen saltorik handienetakoa. “Afizionatuen mailari errespetua diot, jakina. Azkenean maila berria da, gogortu egiten da distantzia gehiago egin behar delako eta beste hainbat faktorerengatik. Baina hasteko gogotsu nago, maila berrian nola moldatzen naizen ikusteko” aitortu du Arrietak. Taldekide berrietako batzuk ezagutzen ditu, beste batzuk ez, ordea. “Askorekin azken urtean lasterketetan ibili naiz, baina kanpokoak direnak ez ditut ezagutzen” aipatu du. 

Igorrekin batera, Sakanako klubetako beste zenbait txirrindulari ere pasako dira afizionatuetara. “Oraindik ez dakit ziur, baina uste dut nahikotxo pasako garela. Talde ezberdinetakoak izan gaitezke, baina entrenatzen batera ibiliko gara. Sakandarrak gure artean ongi konpontzen gara” dio. 
Pandemia dela eta datorren denboraldiak zer ekarriko duen ez omen dago argi. “Denok nahiko genuke urte normalago bat izatea, baina zaila izango da. Nire ustez, aurten egindako lasterketen antzekoak izango dira: maskarak, distantzia… Ea proba gehiago jokatu ahal diren" espero du.