Berez, Uharte Arakilgo kinto ospakizunek atzo hasi beharko lukete, kintada osatzen duten gazteen bazkariarekin. Larunbata bitartean beraiek izanen lirateke kinto festako protagonistak. Baina aurten Uharte Arakilen ez da ez kinto ez ihote ospakizunik izanen. Hamar gaztek osatzen dute aurtengo kintada: Ainhoa Agirre, Andoni Razkin, Eider Urdanoz, Ekai Dorronsoro, Ibai Babace, Ibon Iribarren, Munir El Akkari, Julen Sanchez, Natalia Navarro eta Mikel Navarro.
Aurreko urteetan bizpahiru izan dira kintoak, aurten hamar izatean, elkarrekin ere ezin izanen lirateke kalera atera COVID-19aren kontrako neurriek eremu publikoan sei pertsona baino gehiago elkartzea eragozten baitute. Gainera, kinto uhartearrek ospakizunetako hiru egunak udalaren eraikin batean lotan pasatzeko ohitura dute. Gaitza zabaltzearen kontrako araudiak hori egitea ere ez lieke utziko. Beraz, baldintza horietan kinto ospakizunik ez egitea erabaki dute gazteek.
Ospakizuna urte bat atzeratzean, kintoek zalantza bakarra zuten: heldu den urtean 2003ko kintoek beraiek bakarrik ospatzea kintada eta etorkizuneko kinto ospakizunak urte bat gehiagorekin ospatzea, edo haiekin batera 2004koek ere. Azkenik, kintoek lehen aukeraren alde egitea erabaki dute. Beraz, 19 urte beteta dituztela ospatuko dira kintoak. Hala jakinarazi diote udalari.